Inauterien atariko ostiralean ohiko bilakatu den moduan, euskal inauterien jaialdia egin dute gaur Azpeitiko kaleetan barrena Ikasberri ikastolako ikasleek, irakasleek, gurasoek, ikasle ohiek eta parte hartzera animatu diren herritarrek. 18:00etan San Martin egoitzan elkartu eta hango egoiliarrentzako dantza batzuk egin ostean, kalean barrena ibili dira ikastolako kideak, eta hainbat geldialdi egin dituzte herrian. Lehenik, plaza nagusian zenbait dantza eskaini dituzte; ondoren, Perez Arregi plazan, eta pixkanaka, herri guztia dantzan jarri dute Ikasberri ikastolakoek.
Ohi bezala, Euskal Herriko hainbat txokotako mozorroak jantzi dituzte Ikasberriko ikasleek soinean: txatxoak, ttuntturroak, Mielotxin eta Ziripot... Aurten, gainera, zenbait berrikuntza izan dira; besteak beste, pertsonaia berriak atera dituzte kalera –zirtzilak–, eta dantza berri bat ere eskaini dute. Jendetza bertaratu da jaialdia ikustera.