Aurreko aldi askotan ez bezala gaur eguraldi ederra izan dute Zuhaitz Eguneko landaketan parte hartu dutenek. Ekoetxeak, Azpeitiko Udalak eta Urola Bizirik natur taldeak antolatu dute Zuhaitz Eguna Goenan.
200 zuhaitz eta zuhaixka landare sartu dituzte Goenan belardiaren bueltan: arteak, zumarrak, gaztainak, haritzak, urritzak, elorri zuriak, zuhandorrak, gurbitzak... Landare guztiak herrian bertan jasotako haziekin ereindakoak eta hazitakoak izan dira; ia guztiak, Urola Bizirikek Madalena auzoan duen haztegian.
Landareak asko, baina baita landaketan parte hartu duten herritarren kopurua ere. Haur eta heldu, denera ehun lagun inguru bildu dira gaurko Zuhaitz Egunean. Lanean gogoz jardun ondoren hamaiketakoa egiteko aukera izan dute.