Urrestillako obren bigarren faseko lanak bihar hasiko dituzte

Nerea Uranga 2025ko ots. 16a, 09:02

Urrestilla. (Azpeitiko Udala)

Urrestillan azpiegiturak eta zorua berritzeko obren bigarren faseko lanak hasiko dituzte bihar. Lanen eraginez autobus geltokiak eta trafikoak aldaketak izango dituzte.

Urrestillan, Kaletxikiko eta Kaleaundiko zorua eta azpiegiturak berritzeko llehen faseko lanak joan den abenduaren erdialderako bukatu zituzten. Orain, berriz, bigarren faseko lanak hasiko dituzte.

Bihar, astelehena, hesiak, obrekin hasi aurreko lanekin hasiko dira: hesiak, kasetak eta abar jartzen. Segidan, besteak beste, oinezkoan irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak egingo dituzte, eta markesinak jarriko dituzte autobus geltokian. Kalebarrena, Antxieta plaza, Kaleaundi eta Kaletxiki arteko eremuan jardungo dute lanean.

Bigarren faseko lanek 200.000 euro inguruko aurrekontua dute, eta Azpeitiko Udalaren aurreikuspenen arabera, hiru hilabete beharko dira lanak bukatzeko.

Trafikoan eta autobus geltokian aldaketak

Urrestillako bigarren faseko lanek eraginda, autobus geltokia aldatuko da tokiz; hau da, behin-behinean, Kalebarrenako aparkalekuan geldituko dira autobusak, bai eskola autobusak, bai lineakoak.

Trafikoari dagokionez, berriz, Aratzerrekara eta Serralde kalera joateko Kaleaunditik sartu beharko da. Aldaketaren berri emateko udalak kartelak ere jarriko ditu kaleetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide