Orain dela urte batzuk, Sindikatu Zaharreko lehen solairuko gela bat ikasgela gisa erabiltzeko egokitu zuen Azpeitiko Udalak, eta orain, bigarren ikasgela bat zabaldu du, lehengoaren ondoan.
Udalak adierazi duenez, astegunetan nahiz asteburuetan herritar ugari joaten da ikastera Sindikatu Zaharrera. "Erabilera handia du ikasgelak, txiki geratzeraino", adierazi du. Erantzun on hori eta eskaera kontuan hartuta, lehengo ikasgelaren ondoko gelan ere aulkiak eta mahaiak jarri ditu udalak ikasgela gisa egokituz, eta dagoeneko erabilgarri dago.
Sindikatu Zaharreko ikasgelak egunero egoten dira zabalik, astelehenetik igandera, 08:00etatik 22:00etara. Ikasgela horiek erabiltzeko aukera 16 urtetik gorakoek dute.
Bigarren ikasgela izango den hori orain arte bileretarako erabiltzen zen, baina hemendik aurrera bilerak Baigeraren eraikinean (Sindikatu Zaharraren ondoan) egin ahal izango dira.