Frontoi Txiki ondoko gunearen proiektua aurkeztu du Azpeitiak Hirigintzako Herri Arteko Foroan

Mailo Oiarzabal

Edurne Korta eta Ander Larrañaga aurkezpena egiten, atzo, Donostiako Tabakaleran. (Azpeitiko Udala)

Ander Larrañaga zinegotziak eta Edurne Korta Hezkuntza teknikariak "Alde Zaharreko topagune" izendatu duten proiektuaren berri eman zuten atzo Donostiako Tabakaleran, Oinherrik eta Hiritik At-ek antolatutako jardunaldian.

Oinherrik eta Hiritik At-ek antolatuta, Hirigintzako Herri Arteko Foroa egin zuten atzo goizean Donostiako Tabakaleran. Euskal Herriko zenbait udalerritako ordezkariek hirigintza proiektuak aurkeztu zituzten han. Horien artean, Azpeitiko Udalak "Alde Zaharreko topagune" izendatu duten proiektua aurkeztu zuen, Frontoi Txikiaren eta Done Jakueko jolas parkearen arteko eremurako garatu dutena, hain zuzen.

Ander Larrañaga zinegotziak eta Edurne Korta Hezkuntza teknikariak egin zuten Frontoi Txiki ondoko eremuan zer egin erabakitzeko garatu duten parte hartze prozesuaren eta horren emaitzen aurkezpena. Aipatu emaitzak abenduaren 18an aurkeztu zituzten herrian, eta aurten egingo dituzte espazio hori eraldatzeko lanak.

Sopelako (Bizkaia), Lezoko (Gipuzkoa), Elgoibarko (Gipuzkoa) eta Markina-Xemeingo (Bizkaia) proiektuak ere aurkeztu zituzten atzo Tabakalerako jardunaldian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide