Lagun Onak mendi bazkunak iazko urtea bukatu aurretik jakinarazi zuen Azpeitia eta Gasteiz artekoa izango dela aurtengo urtean etapaz etapa osatuko duen ibilbidea. Hiru Handiak sartu dituzte egitasmoan, alegia, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako tontor garaienak: Aizkorri (1.523 metro), Anboto (1.331) eta Gorbea (1.482). Dena den, Aizkorri eta Anboto egokitu den etapetan bi tontor horiek saihestuz etapak egiteko aukera ere eskainiko die mendizaleei Lagun Onakek.
Egitasmoko lehen etapa larunbat honetan egingo dute, Azpeititik Zumarragara artekoa. Bi udalerriak lotzeko bidea Izarraitz Bira bidetik Otarrera igota, eta handik Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbidea jarraituz egingo dute. Denera, 30 kilometro eta 1.600 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu beharko dute mendizaleek.
Larunbatean, 07:00etan abiatuko dira Azpeitiko plazatik mendizaleak, eta egun osoko ibilaldia izango da. Izena emateko azkenengo eguna bihar da, eta hori lotura honetan egin behar da. Bazkideek 7,5 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, berriz, 10 euro.
Honakoa da Azpeitia-Gasteiz egitasmoko etapetako egitaraua:
- Otsailaren 15a. Azpeitia-Zumarraga (30 kilometro). Izarraitz Birako bidetik Otarrera igo, eta handik Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbidea jarraituko dute mendizaleek.
- Martxoaren 15. Zumarraga-Zegama (24 kilometro). Arranoaitz mendia igo, eta Udanatik pasatu ostean, Zegamarako bidea egingo dute parte hartzaileek, Aizkorriren magaletik.
- Apìrilaren 12a. Zegama-Arantzazu (Aizkorri) (20 kilometro). Zegamatik Aizkorrira igo, eta handik jaitsiko dira Arantzazura, Urbian zehar.
- Maiatzaren 17a. Arantzazu-Landa (32 kilometro). Laugarren etapan sartuko dira Arabako lurretan mendizaleak. Andarto eta Degurixa bezalako paraje ezagunak zeharkatuko dituzte bidean eta Landako urtegian amaituko dute eguna. Hau izango da etapa luzeena.
- Ekainaren 28a. Landa-Otxandio (Anboto) (31 kilometro).
- Irailaren 13a-20a. Otxandio-Murgia (Gorbea) (29 kilometro).
- Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).