Lardaxka Azpeitiko sexu aholkularitza zerbitzuko sexologoa da Anne Sanz de Galdeano (Lizarra, Nafarroa, 1998). Pornografiari eta sexu heziketari buruzko hitzaldia eskainiko du gaur Guraso Eskolen barruan. Nerabeen gurasoei zuzendutako saioan gaiaz hainbat gako emango ditu.
Pornografia gaur egungo sexu heziketa ote? izenburupean eskainiko duzu hitzaldia. Hala al da?
Gazte askorentzat pornografia da sexualitatearekin duten lehen harremana. Horrek eragiten du pornografia informazioa eta eredua jasotzeko iturri bilakatzea. Beraz, sexu heziketa ez da egiten modu osasuntsuan eta hezitzailean. Izan ere, pornografiaren atzean ez dago sexualitatean aditua den sexologorik, adibidez. Arazoa sortzen da gazteek informazio bila pornografiara jotzen dutenean, lehenago ez dutelako jaso sexu heziketarik. Hori dela eta, ez dute izango ikusten dutenarekin alderatzeko kalitatezko informaziorik, eta horrek berarekin dakar iritzi kritikoa sortzeko gaitasun falta. Ezin dugu onartu nerabeek sexuari buruzko informazioa jasotzeko iturri bakarra pornografia izatea; erantzuna eman behar zaio arazoari.
Zer garrantzi du sexu heziketak?
Harremanen errespetuan, plazerean, baimenean eta berdintasunean oinarritzen den sexu heziketa integrala eta osasuntsua behar dugu, beti ikuspegi feminista batekin landua. Uste dut heztea ez dela debekatzea edo kriminalizatzea; pornografiaz irekitasunez hitz egitea eta pornografiarekin dugun harremanaren aniztasuna ikusaraztea da gakoa. Izan ere, denok ez dugu pornografiarekin harreman bera sortzen, eta hori ere aztertu beharra dago. Indarkeriaren erotizazioa desaktibatzea da erronka, baina gizartearen errefusaren bidez, ez debekuaren bidez. Horretarako feminismoak eragina izan behar du arlo guztietan, eta noski, txikitatik behar-beharrezkoa da sexu heziketa.
Gazteen sexu indarkeriaren eskola al da pornografia?
Pornografiaren eduki asko matxistak eta bortitzak dira, eta gerta daiteke nerabeek horiek erreferentziatzat hartzea. Baliorik gabeko sexu eredua balioztatzen du pornografiak, eta horrek indarkeria legitimatzeko arriskua dakar. Adibidez, Monica Alario sexu indarkerian eta pornografian adituak bere ikerketetan dioenez, pornografiaren eta sexuaren arteko sinonimia arriskutsua da; izan ere, sexu indarkeria sexutzat hartzen bada, emakumeen aurkako sexu indarkeria legitimatzen da. Halere, garrantzitsua da pornografia ez estigmatizatzea. Eraginak ikusi, eta testuinguruaren arabera, horiek kokatu eta aztertu behar dira, zer ondorio ekar ditzakeen ikusteko.
"Baliorik gabeko sexu eredua balioztatzen du pornografiak, eta horrek indarkeria legitimatzeko arriskua dakar"
Adituek diote nerabeek oraindik ez dutela etikoki iraingarriak diren irudi horiekiko arbuioa garunean garatua, eta arazorik gabe irents ditzaketela bortxaketak eta beste hainbat eszena bortitz… Zer ondorio ekar ditzake horrek?
Ondorio larriak izan ditzake. Izan ere, gazteak garapen prozesuan izaten dira oraindik, eta ikusten dutena barneratu egiten dute. Horrek eragiten du indarkeriazko harremanak normaltzat hartzea, genero rol estereotipatuak indartzea... Janire Estebanek dioen bezala, ordea, ez da egia mutilak pornoa ikusita erasotzaile bihurtzen direla. Indarkeria matxistaren erroa boterean eta inpunitatean dago, eta guztiz ados nago hark esaten duenarekin. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua gaiaz hitz egitea eta gazteei erreferentzia osasuntsuak eskaintzea.
Pornografiak zer presentzia du nerabeen artean?
Nahiko zabalduta dago. Internet bidez pornografiarako sarbidea oso eskura dute, eta gehienak oso gaztetan hasten dira kontsumitzen. Adibidez, askotan errepikatzen den datuetako bat da pornografia edukietara lehen aldiz sartzeko batez besteko adina 9-10 urtekoa dela. Halere, goraipatu nahiko nuke ikerketa gehienek exposizioaz hitz egiten dutela, ez hainbeste eduki horiek borondatez bilatzeaz. Oso gauza desberdinak dira bata eta bestea.
Save The Childrenek 2020an emandako datuen arabera, Espainiako Estatuan elkarrizketatutako 13 eta 17 urte bitarteko 1.753 gazteetatik erdiek adierazi zuten pornografian inspiratzen direla sexu esperientziak dituenean. Zer esan nahi du horrek?
Gazte askok pornografian ikusitako jokabide asko errepikatu egiten dituztela, baimenik gabeko praktikak eta desberdintasunak sustatzen diren ereduak barneratuz. Hori dela eta, beharrezkoa da gaiari buruzko solasaldiak izatea, mota horretako filmek sortutako uste faltsuak eta itxaropen okerrak gezurtatzeko. Benetako eta kalitatezko informazioarekin alderaketa egin behar dute gazteek, ikusten dutenari buruzko iritzi kritikoa izan dezaten.
Nerabeek pornografia kontsumitzeko duten erraztasuna aipatu duzu. Zein dira horren ondorioak?
Errealitatearen ikuspegi desitxuratua sor dezake, emozio eta harreman afektiboen garrantzitsua gutxietsi dezake eta desinformazioa zein presio soziala areagotu ditzake. Helduen munduan irriak eta beldurrak sortzen dituen gaia da pornografia, eta beraz, elkarrizketarako prest egon behar dugu; hor dago pornografia eta azaldu egin behar da. Porno alternatiboaren eta heziketa feministaren aldeko heziketa sustatu behar da, gazteek beren identitateak eta desioak ulertzeko eredu anitzak izan ditzaten.
Sexu heziketaren premia zenbaterainokoa da?
Oso premiazkoa da, heziketarik gabe gazteak pornografia desegokiaren esku geratzen direlako. Horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake beren harremanetan, eta autoestimuan, batez ere. Heziketak aukera eman behar die gazteei sexualitatea modu osasuntsuan eta kontzientean garatzeko.
"Heziketak aukera eman behar die gazteei sexualitatea modu osasuntsuan eta kontzientean garatzeko"
Datorren astean LHko umeen gurasoei emango dizkiezu seme-alabekin sexuaz hitz egiteko gakoak. Zein dira gako horiek?
Sexu heziketa premiazkoa da txikitatik, gaiari buruzko inguruko galderak sortzen diren momentutik. Gardetasuna, egokitasuna eta etengabeko komunikazioa dira gako nagusiak. Oso garrantzitsua da haurrei beren adinera egokitutako informazioa ematea eta konfiantzazko giroa sortzea; hau da, jakinmina asetzeko modu egokiak eskaintzea eta zintzo jokatzea. Haurrek gai izan behar dute beren gorputzez eta emozioez hitz egiteko, eta helduek haien galderak normaltasunez erantzun behar dituzte.
Sexua gai tabua izan da etxe askotan. Aldatu al da joera hori?
Aldaketa sumatzen da, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Guraso askok oraindik zailtasunak dituzte sexuaz hitz egiteko, baina gero eta jende gehiagok onartzen du sexu heziketa oso beharrezkoa dela. Horrek itxaropena pizten dit.