Hodei Juaristi: "Denboraldia ahalik eta ondoen bukatzea dut helburu"

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 9a, 10:46

Hodei Juaristi Belaguan, Espainiako Kopan. (Utzitakoa)

Iraupen eskiko Espainiako Esprint Txapelketa irabazi berri du Hodei Juaristik (Azpeitia, 2006), 20 urtez azpikoen mailan. Bakarka lortu duen lehen garaipena izan da. Tolosako Alpino Uzturre taldeko kidea da azpeitiarra, eta Alaia arrebak egindako bideari jarraituz hasi zen eskiaren munduan murgiltzen. Oraindik bukatu ez den denboraldian du jarrita arreta; momentuan momentukoa bizitzea du gustuko.

Iraupen eskiko Espainiako Esprint Txapelketa irabazi zenuen asteburuan Baqueira Bereten (Katalunia), 20 urtez azpikoen mailan. Esperotako lorpena izan al da?

Ez nuen espero; izan ere, beti hor ibili naiz podiumera ezin igota. Lehenen egitea dezenteko ezustekoa izan da, baina bestalde, lan asko egin dut, sakrifizio handia egin dut, eta horrek bere emaitzak eman dituela ikus daiteke.

Nolako lasterketa izan zen?

800 metro inguruko bi itzuliko lasterketa izan zen. Banaka ateratzen dira eskiatzaileak, eta denbora onena egiten duten lehen 30 sailkatuak final laurdenetara sailkatzen dira. 30 kirolari horiek bospasei laguneko taldeetan banatzen dituzte, eta talde horietako bakoitzeko azkarrenak finalerdietara pasatzen dira. Hamabi eskiatzaile bi taldetan aritzen dira finalaurrekoetan, eta finalera igarotzen dira bi talde horietako hiru onenak.

Nola sentitu zinen lehian?

Mentalki oso indartsu.

Orain arteko zure garaipen indibidual garrantzitsuena izan da, ezta?

Bai. Orain arte laugarren, bosgarren, zazpigarren, behin edo behin hirugarren... sailkatu izan nintzen, baina ez nuen sekula garaipenik lortu.

Iaz taldekako txapelketan brontzea lortu zenuen, Imanol Rojorekin batera, hura ere esprint modalitatean. Zertan bereizten da iraupen eskiaren beste modalitateetatik?

Bai, hirugarren egin genuen, baina orduko hartan erreleboetan aritu ginen. Irabazi berri dudana esprint modalitateko lasterketa da, eta Rojorekin irabazi nuena ere bai, baina distantzia luzekoa. Distantzia da, beraz, aldatzen dena.

Zure gustukoena esprinta al da?

Esprinta dut gustukoen, dudarik gabe. Indartsuen modalitate horretan ikusten dut nire burua.

Distantzia luzean ere lehiatzen al zara?

Bai, baina esprintean askoz ere hobeto moldatzen naiz. Entrenamenduak ere esprint modalitaterako dauzkat moldatuta.

Zer esan dizu Alaia arrebak? Aholkurik ematen al dizu?

Haren bidea ari naiz jarraitzen, nolabait esateko, eta aholku ugari ematen dizkit, asko baitaki lehiez eta. Arrebak esperientzia handia du txapelketetan, eta asko laguntzen dit lasterketak nola kudeatu eta horietan zer estrategia erabili azalduz. Babes handia da niretzat arreba alboan edukitzea.

Tolosako Alpino Uzturre klubarekin lehiatzen zara. Gustura al zaude?

Bai. Izan ere, oso harreman ona daukagu taldekideok. Alpino Uzturrek aukera ematen digu iraupen eskiko probetan-eta lehiatzeko, eta Tolosa ez dago Azpeitia ondo-ondoan, baina moldatzen gara hara joan-etorriak egiteko.

Zein izango da zure hurrengo erronka?

Denboraldia ez da bukatu oraindik, eta helburutzat daukat ahalik eta ondoen bukatzea. Orain Euskal Herriko eta erkidegoko txapelketak izango dira, eta gero, martxoaren bukaeran, Espainiako Txapelketa izango da berriro. Horietan mailarik onena erakustea eta ahal dudan dena ematea nahi dut.

Eta aurrera begira, zer lorpenekin amesten duzu?

Ez naiz aurrera begiratzekoa; momentua bizi dut. Momentuan momentukoa egitea gustatzen zait, beraz, ez dakit zer esan... Europako edo Munduko txapelketaren batean aritzea ederra litzateke, nazioartean lehiatzea, alegia. Halako txapelketaren batean ahal dudan posturik onena lortzea, horixe aipatuko nuke. Baina etorriko da etorri behar duena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide