Garmendiko zubi berriaren egitura jarri dute

Julene Frantzesena 2025ko ots. 3a, 10:04

Zubi berria jartzeko lanak ari dira egiten egunotan. (Aitziber Arzallus)

Garmendi auzoa eta bidegorria lotuko dituen oinezkoentzako zubia berritzen ari dira egunotan. Lanak hilabeteko epean bukatzea aurreikusten du udalak. Zubi berria zabaldu bitartean, Euskal Herria auzotik bideratuko dituzte oinezkoak nahiz bizikletaz doazen herritarrak.

Joan zen ostiralean jarri zuten Garmendi auzoko zubi berriaren egitura. Auzo hori eta bidegorria lotuko dituen oinezkoentzako zubia berritzen ari dira egunotan, eta lanak hilabeteko epean bukatzea aurreikusten du udalak. Landeta Burdinlanak enpresa ari da obra egiten.

Zubi berria zabaldu bitartean, itxita egongo da bidegorri zati hori. Hain zuzen ere, Euskal Herria auzotik bideratuko dituzte oinezkoak nahiz bizikletaz doazen herritarrak. Zehazki, Uztaro haurreskolaren ondotik jaitsi ahal izango dute herritarrek berriro bidegorrira.

Urtarrilaren 22an kendu zuten metalezko zubi zaharra, eta harrezkero gunea egokitzen aritu dira. Ostiralean jarri zuten egitura berria, eta ondorioz, trafikoan aldaketak egin zituzten ordu batzuetan. Aurretik zegoen zubia "zaharkituta" zegoelako ari dira berria jartzen.

Zubiaren zorua jartzeko lanak ari dira egiten gaur. (Aitziber Arzallus)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide