Eguzkia lagun izan dute San Sebastian eguneko umeen danborradan parte hartu duten 500 inguru haurrek, eta haien ikuskizunaz gozatzeko kalean elkartu diren ehunka lagunek ere bai. Ibilbide osoan izan dute herritarren babesa San Sebastian eguneko danborrada nagusiaren protagonistek.
Egitarauko ekitaldiak atzerapentxoa batzen joan dira goizetik, eta umeen danborrada ere agindutakoa baino ia hamar minutu beranduago hasi da, baina horrek ez du inor atzeratu. Talde batzuk Bustintzuriko Errebaletik jaitsiz eta besteak Artzubitik igoz, Olazko Andre Mariaren Plaza ondotik abiatu da aurten ere umeen danborrada. Iraurgiko Zumalakarregi taldea, Ikasberriko soldaduak, Iraurgiko mikeleteak, Karmelo Etxegaraiko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Karmelo Etxegaraiko Bizkaiko Tertzioak, Itsasi, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberriko sukaldariak eta Karmelo Etxegaraiko napoleoi gorriak hurrenkera horretan ibili dira Alde Zaharreko kaleetan, plazan denak elkartu aurretik; inudeak eta danborradako taldeetako jantziekin apaindutako gainerako ume txikiak, berriz, pixkanaka joan dira festara batzen.
Desfilea ireki duten gastadore txikiak Iraurgi Ikastetxekoak izan dira aurten, karrozan joan diren haurrak bezala. Aitor Expositok Azpeitiko aspaldiko ofizioei eskainitako karrozak itxi du, hain zuzen ere, desfilea: latsariak edo labanderak, arotzak, organogileak, tren geltokikoak eta baserritarrak irudikatu ditu Expositok aurtengo karrozan.
Datozen hitzorduak
Bazkaritan indarrak hartuta, gauerdian bandera jaitsi arte jarraituko du festak herrian. Hauek dira San Sebastian egunari eta urteko lehen festa nagusiei agur esateko gelditzen diren hitzorduak:
- 16:30-20:00. Sokamuturra, Alde Zaharreko kaleetan, herriko plazan eta Artzubian. Ganadutegia: Lopene.
- 17:30. Diskopuntx jaialdia, Azoka Plazan.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Buztintzuriko Errebaletik abiatuta. Ibilbidea: Olazko Andre Mariaren Plaza, Goiko kalea, Donejakue kalea, Elizkalea, Enparan kalea, Erdikalea eta plaza.
- 00:00. Bandera jaistea Udal Musika Bandarekin eta helduen danborradako sei talderekin: Zezenzaleak, Barrenetxea abesbatza, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdilllegi.