Eider Bereziartua eta Maialen Azpiazu fitxatu ditu Peñota Dental Alusigma triatloi taldeak

Iraia Oteiza 2025ko urt. 8a, 16:34

Eider Bereziartua proba batean.

Azkoitiko Azkoitri eta Zumaiako Triatloi Taldea utzita, aurrerantzean Bizkaiko taldean ariko dira bi triatleta azpeitiarrak. Maila handiko probetan aritzeko aukera izango dute biek.

Maialen Azpiazuk eta Eider Bereziartuak beste urrats bat egingo dute triatloiaren munduan: batek Azkoitiko Azkoitri taldea eta besteak Zumaiako Triatloi Taldea utzi dituzte, eta Bizkaiko Peñota Dental Alusigma triatloi taldean ariko dira aurrerantzean. Talde horrekin maila handiko probetan aritzeko aukera izango dute bi azpeitiarrek, maila handiko kirolarien aurka.

Peñota Dental Alusigma taldeak azaldu duenez, 2025. urteko denboraldian emakumeen taldea indartu nahi du, probetan ere ikusgarritasuna handituz. Horretarako, zortzi emakume fitxatu ditu, tartean Azpiazu eta Bereziartua. Azpiazuk Espainia mailako triatloi probetan lehiatzen jarraituko du, maila handiko kirolariekin, eta Bereziartuak ere proba horietan lehiatzeko aukera izango du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako probetatik haratago joanez.

Julen Lopetegi triatleta azpeitiarra ere Peñota Dental Alusigma taldearekin aritzen da lehian.

Maialen Azpiazu proba batean. (Azkoitri)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide