Pasaiako segadan hildakoen oroigarrien kontrako erasoak gaitzetsi dituzte Azpeitiko eta Pasaiako udal gobernuek

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 13a, 15:54

Pasaiako segadan poliziak hildakoen aldeko Azpeitiko oroitarria, hondatuta. (Aitziber Arzallus)

Adierazpen bateratua plazaratu dute, Enparan dorretxe atzeko oroitarriak jasotako azken erasoaren ondoren. "Bizikidetzak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen du, eta horren alde lanean jarraituko dugu", diote bi erakundetako ordezkariek.

Enparan dorretxearen atzeko zelaian dagoen Pasaiako segadan hildakoen oroimenezko plaka erasotu zutela salatu zuen Kontseilu Sozialista hil honen hasieran. Atzo, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruindarren senideek gutuna plazaratu zuten azken eraso horren haritik. Idatzi horretan, besteak beste, "instituzioetatik ere eraso hauek salatzea eta gaitzestea beharrezkoa ikusten" zutela zioten Espainiako poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaian hildakoen senideek.

Gaur, Azpeitiko eta Pasaiako udal gobernuek adierazpen bateratua zabaldu dute, Enparan dorretxe atzeko oroitarria "apurtzen saiatu" izana gaitzesteko eta senideei babesa adierazteko. "Bizikidetzak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen du, eta horren alde lanean jarraituko dugu", dio, besteak beste, bi erakundeetako ordezkarien izenean plazaratu duten adierazpenak. Azpeitian zein Pasaian, EH Bildu dago udal gobernuan, Azpeitian gehiengo osoarekin eta Pasaian Podemos Ahal Duguren ordezkari bakarrarekin batera.

Hau da, osorik, Azpeitiko eta Pasaiako udal gobernuek Pasaiako segadan hildakoen oroimenaren kontrako azken erasoa dela-eta plazaratu duten gaitzespen adierazpen bateratua:

"Azken urteotan, hainbat aldiz eraso egin diete Espainiako Poliziak Pasaiako badian hildako Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo, Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu gogoratzeko Pasaian jarritako oroigarriei.

Oraingoan, Azpeitiko Enparan dorretxearen atzean dagoen oroigarria apurtzen saiatu dira.

Azpeitiko eta Pasaiako udal gobernuok gertakaria gaitzetsi nahi dugu, eta babesa adierazi senideei.

Egia, justizia eta erreparazioa dira bi gobernuon printzipioak memoriaren berreskurapenerako egiten dugun lanean. Horri lotuta, garbi utzi nahi dugu halako ekintzek ez dutela lekurik gure herrietan.

Bizikidetzak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen du, eta horren alde lanean jarraituko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide