Festa giroan murgildu dira gaur Elosiaga auzoan, Santa Luzia egunez. Auzoko baselizan egin duten mezarekin hasi dute eguna, eta ondoren, auzotarrentzako doako hamaiketakoa izan da Añota sagardotegian. Sabela bete ostean, bertaratu direnek herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izan dute. Udane Ostolaza eta Jon Unanue Goenatxo III.a harri jasotzaileek zein Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.ak eskaini dute erakustaldia. Halaber, Sustrai Colina eta Joanes Illarregi aritu dira bertsotan, eta Lidia eta Itzeder, berriz, trikitiz giroa alaitzen.
14:00etan, auzotarrek bazkaria egingo dute Añota sagardotegian, bertsolariek eta trikitilariek girotuta. Gauean, berriz, kantu zaharren afaria izango da Añotan bertan, Angel Mariezkurrenarekin, Beñat Mitxelenarekin eta Aitor Ibarra Jalixkorekin.