Beristain Kitarra baserriaren aurrealdean espaloia eraikitzeko lanak egiten hasi dira egunotan, eta horiek trafikoan eragiten ari dira; izan ere, lanean ari diren bitartean, litekeena da errei bat ixtea ibilgailuentzat.
Herritarren eskaerari erantzunez, espaloia eraikiko dute Azkoitia eta Azpeitia arteko eremu horretan, errepidearen ondoan, eta gero, autobusaren zain egoteko markesina bat ere jarriko dute han. Udalak azaldu duenez, beste hilabete inguru iraungo dute inguru hori atontzeko lanek. 115.000 euro inguruko aurrekontua dute obrek.