Utergak eta Mitxeok irabazi dute Azpeitiko 23. Erremonte Txapelketa

Julene Frantzesena 2024ko aza. 30a, 09:00

Ezkerretik eskuinera, Jon Oteiza Kirol zinegotzia, Josemi Leatxe e-Remonteko burua, Matxin III.a, Agirrezabala, Uterga eta Mitxeo. (Azpeitiko Udala)

Atzo jokatu zuten txapelketako finala, etxeko bi pilotariren aurka: Matxin III.a eta Agirrezabala 35 eta 33 hartu zituzten mendean. Hirugarren eta laugarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Mikelarena eta Ion nahiz Otxandorena eta Otano. Txapelketari esker bildutako diru guztiak Valentziara bidaliko dituzte.

Etxeko bi pilotari mendean hartuta, Utergak eta Mitxeok irabazi dute Azpeitiko 23. Erremonte Txapelketa. Bikote horrek atzo jokatu zuen finala Izarraitz pilotalekuan, Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra, eta gutxigatik, baina garaipena eskuratu zuen: 35 eta 33 nagusitu ziren Uterga eta Mitxeo.

Finalaren aurretik, ordea, hirugarren eta laugarren postuak izan ziren jokoan. Mikelarenak eta Ionek Otxandorenaren eta Otanoren aurka neurtu zituzten indarrak –lesioak tarteko aldatu zituzten bikoteak atzoko jardunaldirako–, eta hirugarren postua Mikelarenarentzat eta Ionentzat izan zen, 24 eta 30 nagusituta.

Aurtengoan txapelketari buelta bat eman diote, eta ohi baino dezente laburragoa izan da lehia. Bi ostiral arratsaldetarako jarritako hitzorduetan jokatu dituzte partida guztiak: finalaurrekoak joan zen ostiralean eta finala nahiz hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida.

Gainera, aurtengoan e-Remonte enpresako kirolariek jokatu dute txapelketa; azken urteetan, urtez urte txandaka aritu dira e-Remonte eta Oriamendi enpresetako pilotariak Azpeitiko txapelketan. Aurtengo hitzorduei esker lortutako irabazi guztiak Valentziara bidaliko dituzte, denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide