Abenduaren 10etik 13ra egingo dute Udazkeneko Mendi Astea

Nerea Uranga 2024ko aza. 29a, 11:02

Mikel Sarasola kayaklari donostiarra. (Mikel Sarasola)

Hiru ikus-entzunezkoren inguruko hitzaldiak eta aurtengo batzar nagusia egingo ditu Mendi Astearen barruan Lagun Onak Mendi Bazkunak; denak, Mendietxe museoan. Fidel Mendia, Mikel Sarasola eta Sebastian Alvaro izango dira saioetako gonbidatuak. Batzarrean, berriz, elkartearen zuzendaritza berritua erabakiko dute.

Abenduko bigarren asterako antolatu du Lagun Onakek, Azpeitiko mendizale elkarteak, udazkeneko Mendi Astea; hain zuzen ere, abenduaren 10etik 13ra. Saio guztiak Mendietxe museoan egingo dituzte, 19:00etan hasita.

Mendizaletasunarekin lotutako hiru diziplinatako ikus-entzunezkoak aurkeztuko dituzte Mendi Astearen barruan. Lehen saioan, Fidel Mendia iruindarrak Jordaniako basamortuan bizitako eskaladako esperientziaz jardungo du. Bigarrenean, berriz, Mikel Sarasola donostiarra izango da protagonista, eta hark bi urtez Groenlandiako glaziarretako ur bizietan kayakarekin egindakoak azalduko ditu. Hirugarren saioan Sebastian Alvarok Mis montañas liburuaren eta dokumentalaren berri emango du, Jose Mari Azpiazuk aurkeztuta. Hirugarren saio horretarako sarrera bost euro ordaindu beharko da, eta gainontzekoak doakoak izango dira.

Aurtengoaz eta datorrenaz batzarra

Urteroko ohiturarekin jarraituz, udazkeneko Mendi Astea mendizale elkartearen batzar nagusiarekin bukatuko dute. Abenduaren 13an (19:00) egingo dute Lagun Onak MBko bazkideek batzarra Mendietxe museoan, eta besteak beste, zuzendaritza batzordearen berritzea landuko dute. Horrez gainera, aurten egindako ekintzen balorazioa egingo dute, baita balantze ekonomikoaren berri eman ere. Segidan, datorren urterako ekintzak eta aurrekontua aurkeztuko dituzte. Xoxoteko aterpeaz ere hitz egingo dute batzarrean.

Bilkuraren ondoren, afaria egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunakoek Mendizaliek tabernan. Afaria 25 euro kostatuko da, eta afaltzera joan nahi dutenek nahitaez aurrez izena eman beharko dute, Mendizaliek tabernan bertan edo 689 89 84 93 telefono zenbakira deituta. Izena emateko azkenengo eguna abenduaren 9a izango da.

Egitaraua:

- Abenduak 10, asteartea. Eskalada Jordaniako basamortuan ikus-entzunezkoa aurkeztu du Fidel Mendiak. 19:00etan hasiko da saioa, Mendietxe museoan, eta sarrera doan izango da. Iruindarra abenturazalea da: eskalatzailea, mendizalea, eskiatzailea... Jordaniako Wadi Rumeko basamortuan izan da orain dela gutxi, eta han bizitakoak kontatuko ditu Mendi Asteko saioan.

- Abenduak 11, asteazkena. Kayak gainean glaziarrak esploratzen ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Mikel Sarasolak. 19:00etan izango da, Mendietxe museoan, eta sarrera ez da ordaindu beharko. Kayaklari donostiarra bi urtez ibili da Groenlandian, ur bizietako kayakarekin glaziarrak eta ibaiak esploratzen, eta hango bizipenak kontatuko ditu saioan.

- Abenduak 12, osteguna. Mis montañas ikus-entzunezkoa eta liburua aurkeztuko ditu Sebastian Alvarok, Jose Mari Azpiazu ekitaldiko aurkezle dela. 19:00etan, Mendietxe museoan izango da, eta sarrera bost euro ordaindu beharko da. Alvaro Al filo de lo imposible telebistako programaren sortzailea izan zen, eta saioa zuzentzen jardun zuen 29 urtez. 250 espedizio baino gehiagotan parte hartu du, 350 dokumentaletik gora egin ditu eta 35 liburu ditu kaleratuta.

- Abenduak 13, ostirala. Lagun Onak Mendi Bazkunaren batzar nagusia, 19:00etan, Mendietxe museoan. Ondoren, afaria Mendizaliek tabernan. Afaria 25 euro ordaindu beharko da, eta afaltzera joateko, aurrez izena eman beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide