Artedramaren 'Miñan' antzezlanak irabazi du Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria

Ihintza Elustondo 2024ko aza. 24a, 19:19

Aitor Larrañaga zinegotzia eta Artedrama konpainiako ordezkaria, Soreasu antzokian. (Azpeitiko Udala)

42. Euskal Antzerki Topaketak iritsi dira azken hondarrera; gaur izan da edizio honetako azken emanaldia, Eromen Produkzioak konpainiaren Sorgin baratza. Horren aurretik, Ikusleen Saria banatu du Azpeitiko Udalak, eta aurtengoan, Artedrama konpainiaren Miñan izan da ikusleen gustukoena.

Euskarazko antzerkigintzaren bihotz eta erdigune izan da azken asteotan Azpeitia; izan ere, azaroaren 1ean hasita, 42. Euskal Antzerki Topaketak izan dira herrian. Eskola antzerkiari eskainitako saioak zenbatu gabe, dozena bat antzezlan eman dituzte aurtengo topaketetan. Gaur izan da emanaldi horietan azkena; Zestoako Eromen Produkzioak konpainiak Sorgin baratza taularatu du Soreasu antzokian, eta horrenbestez, iritsi dira hondarrera aurtengo Euskal Antzerki Topaketak.

Dena den, azken emanaldiaren aurretik ohikoa den moduan, Ikusleen Saria banatu dute gaurko hitzorduan. Izan ere, Antzerki Topaketetako emanaldi bakoitzaren amaieran ikusleek beren iritzia emateko aukera izan dute, boto paperean obrari 1etik 10erako eskalan nahi duten nota jarrita. Herritarren botoei esker aukeratu ohi da edizio bakoitzeko ikusleen antzezlanik gustukoena, eta hala banatu ohi du Azpeitiko Udalak Ikusleen Saria. Aurtengoan, topaketei hasiera eman zien antzezlana izan da ikusleen gustukoena: Artedrama konpainiaren Miñan, hain zuzen ere.

Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen izen bereko liburuan oinarritutako antzezlana izan da, beraz, aurtengo irabazlea. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da liburua, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Migrazio abentura bat kontatzen du lanak; Baldek Gineatik Europara iristeko bidean bizi izandakoak jasotzen ditu. Irungo Harrera Sarean boluntario zebilela ezagutu zuen Arzallusek Balde, eta afrikar migratzailearen historia jaso zuen liburuan. Lanak Zilarrezko Euskadi saria irabazi zuen 2020an. Orain, antzerkira eraman du liburua Artedramak, Ander Lipusen gidaritzapean, eta badirudi ikusleen bihotzeraino iritsi dela lana, hura izan baita aurtengo dozena antzezlanen artean ikusleen gustukoena.

Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak eman dio saria Artedramako ordezkari bati, Soreasuko oholtzaren gainean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide