Manu Bidaurretak eta Unbe Etxanizek irabazi dute Azpeitiko Udazkeneko III. Klasika

Iraia Oteiza 2024ko aza. 24a, 16:48

Unbe Etxaniz eta Manu Bidaurreta atzo Azpeitian, lasterketa irabazi ostean. (Utzitakoa)

55 pilotuk parte hartu zuten atzo auto klasikoen proban. Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako hainbat errepidetan jokatu zuten lasterketa, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta.

Atzo, larunbatez, jokatu zen Azpeitiko III. Udazkeneko Klasika, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta. 55 auto klasikok parte hartu zuten lasterketan. 11:00etan hasi zuten proba Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazatik abiatuta eta leku berean bukatu zuten arratsaldean, 19:00ak inguruan, goizez eta arratsaldez Gipuzkoako, Nafarroako zein Arabako hainbat errepidetan barrena ibili ostean.

Manu Bidaurreta hondarribiarra eta Unbe Etxaniz azkoitiarra (BMW 323ti, 1997. urtekoa) izan ziren klasikaren irabazleak. Bidasoa Klasikoak eskuderiako bikoteak probaren ibilbidea osatzen zuten zazpi zatietatik bat irabazi zuen, baina gainerakoetan ere aurreneko postuetan geratu ziren. Julen Esnaola eta Ilargi Ugalde (Seat 124, 1979. urtekoa) sailkatu ziren bigarren, irabazleengandik 7.8 segundora geldituta. Aldiz, hirugarren postuan sailkatu ziren Lagun Artea eskuderiako Iokin Agirre eta Asier Aldalur (BMW 325i E30, 1985. urtekoa).

Mailen arabera, honakoak izan ziren klasikako sailkapenak: 80-aurrekoetan, Joxean Araneta eta Iñaki Orbegozo izan ziren irabazleak, 1970eko Porsche 911T autoarekin; 90-aurrekoetan, Ion Aranetak eta Yon Aranetak irabazi zuten 1984ko Mercedes 190E-rekin; Legend taldean, berriz, Jorge del Cidek eta David Carrerok osatutako bikotea izan zen irabazlea, 1990eko Peugeot 309 GTI 16V autoarekin. Zero gehien egin zituen taldea Iker Arraterena eta Berdaitz Larrarterena izan zen; eta Maddi Esnaolak eta Iratxe Gerestak osatu zuten emakumeen talderik onena. Orokorrean, talderik onena Lagun Artea eskuderia izan zen.

Klasikako aurreneko hiru sailkatuak, atzoko podiumean. (Utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide