Etxebizitzaz eta aurrekontuetako proposamenez aritu dira Azpeitian EH Bilduren ordezkariak

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 13a, 16:21

Nagore Alkorta bilera osteko agerraldian, gaur, Basazabalen. Ondoan, Maddalen Iriarte eta Pello Otxandiano.. (Mailo Oiarzabal)

Pello Otxandianok, Maddalen Iriartek, Xabi Astigarragak eta Nagore Alkortak parte hartu dute Basazabalen egin duten bileran. Azpeitiko Udalaren etxebizitza politika azaldu du alkateak ondorengo agerraldian. Iriartek eta Otxandianok, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu negoziazioak eta koalizioaren proposamenak izan dituzte hizpide, hurrenez hurren.

Etxebizitza politikak ardatz hartuta, erakunde arteko bilera egin du gaur goizean Azpeitiko Basazabal jauregian EH Bilduk. Koalizio soberanistaren bozeramaile eta legebiltzarkide Pello Otxandianok, Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Maddalen Iriartek, Xabi Astigarraga legebiltzarkideak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak parte hartu dute bileran.

Etxebizitza Bulegoa bisitatu dute bilera ostean EH Bilduren lau ordezkariek, Basazabalera itzuli eta prentsaren aurrean agerraldia egin aurretik. Alkortak Azpeitiko Udala gauzatzen ari den etxebizitza politika azaldu du agerraldi horretan. Iriartek eta Otxandianok, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei begirako negoziaketak eta proposamenak izan dituzte hizpide, hurrenez hurren.

Azpeitia eta udalak "erreferente"

Bera buru duen Azpeitiko Udala etxebizitzaren arloan eta Etxebizitza Planaren barruan gauzatzen ari den eta aurrera begira gauzatzekoa den neurriak xehetu ditu Alkortak.

Etxebizitzarena arazo globala dela ahaztu gabe, Azpeitiko Udalarentzat ere etxebizitzarena "kezka nagusienetako bat" dela esan du Alkortak, baina ez Azpeitikoarentzat bakarrik. Alkortaren esanetan, izan ere, EH Bildu gobernuan duten udalak "erreferenteak" dira etxebizitza politiketan: "Azpeitiak demostratu du posible dela etxebizitzarako sarbidea bermatzea, ditugun baliabideekin, noski. Eta kontziente gara, era berean, gaur egun erabiltzen ari garen tresnak baino gehiago erabili beharko direla arazo honi benetako soluzio bat eman nahi badiogu".

Herritarren beharrei erantzungo dieten etxebizitza politikak gauzatzerakoan erakundeen arteko elkarlanak duen garrantzia ere azpimarratu du Alkortak, eta elkarlan horren Azpeitiko adibideak aipatu ditu: Esklabetako 48 apartamentuak eta "epe motzean" alokairu sozialerako eraikiko dituzten beste hamasei etxebizitza, udalak Jaurlaritzarekin egindako akordioen ondorio; eta Elizkaleko Bizi Berri eraikineko adinekoentzako hamabi etxebizitzak, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera gauzatutako proiektua.

Erreforma sakon eske

Iriarte eta Otxandiano bat etorri dira etxebizitzaren aferan EH Bilduren udalen eta Azpeitikoaren lana goraipatzerakoan, baita etxebizitzaren arazoa udalen esku bakarrik ezin dela utzi nabarmentzerakoan ere. Hain zuzen ere, aldaketa edo neurri puntualak alde batera uzteko eta "erreforma sakona" egiteko deia egin dute gaur Azpeitian EH Bilduren Gipuzkoako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkari nagusiek. Gipuzkoako aldundia zein Eusko Jaurlaritza 2025eko aurrekontuak prestatzen eta horiek onartzeko negoziazioetan ari dira asteotan, eta EH Bilduk baterako zein besterako dituen proposamenetako batzuk mahai gaineratu dituzte gaur Basazabalen.

EAJk proposatu berri duen fiskalitatearen arau berriaren gainean hitz egin du Iriartek. Publiko egin diren zertzeladak oinarri hartuta, jeltzaleen proposamena EH Bilduk eskatzen duen erreformatik urrun dagoela adierazi du Iriartek, baina sakonago aztertu arte bere taldeak zer jarrera hartuko duen ezin duela aurreratu gaineratu du. Kritiko hitz egin du, hori bai, eta esan du Batzar Nagusietan EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk lortutako akordioa izan behar dela edozer neurri hartzeko abiapuntua: "Fiskalitate progresibo, aurrerakoi eta berdinzale bat negoziatzeko deia" egin die EH Bilduren bozeramaileak jeltzaleei eta sozialistei, Batzar Nagusietan lortu zuten akordio politikoarekin "koherentzian". Iriarterentzat, momentuko erronkek eta arazoek "sakoneko erreforma bat eskatzen dute, eta ez makillaje ukituak". Erreforma horrek lan eta kapital errenten arteko "hurbilpena", sozietate zergaren gaineko "berrikuspen integrala", "justizia sozialaren mesedetan" aberastasun handien gaineko zerga ezartzea, eta zerga ihesean galtzen diren bi mila milioi euroen gaineko neurriak jasoko lituzke, "besteak beste", EH Bilduk proposatutako fiskalitatearen erreformak.

Sakoneko erreforma aldarrikatu du Otxandianok ere hainbat gaitan, eta horretarako proposamenak helaraziko dizkio Eusko Jaurlaritzan dauden EAJri eta PSE-EEri, datorren urteko aurrekontuetan kontuan har ditzaten. "Ez da aldaketa txikietarako garaia. Aldaketa sakonak, egiturazkoak, esponentzialak behar ditugu politika publikoetan, momentuan dauzkagun erronkei aurre egiteko". Azpeitian, etxebizitzaren arloan duten proposamen nagusia aurkeztu du gaur Otxandianok: 2025ean merkatura irtengo diren babes ofizialeko etxebizitza guztiak –2.300dik gora– erostea eskatuko dio EH Bilduk Jaurlaritzari, alokairu sozialera bideratzeko. Etxebizitza Legeak hori egiteko aukera ematen dio Jaurlaritzari, Otxandianok argitu duenez. 350 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke etxebizitza parke publikoa indartzeko neurri horrek. Etxebizitza parke publiko sendoa osatzea izan behar da, EH Bildurentzat, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko neurri nagusia. Hori "egun batetik bestera ez" dela lortuko jakitun izanda, bien bitartean "merkatuan interbenitzea" ezinbestekoa da koalizio soberanistarentzat, espekulazioari eta etengabeko garestitzeari aurre egiteko. Otxandianoren ustez, "frogatuta dago" egungo politikekin etxebizitzaren arazoak ez duela konponbiderik, eta horregatik da beharrezkoa politika horren "paradigma aldaketa".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide