Azaroaren 25a

Zaintzan lan egiten duten emakumeak ahalduntzen

Iraia Oteiza 2024ko aza. 13a, 09:22

Emakumeen Txokoan egindako beste topaketa bateko irudia. (Emakumeen Txokoa)

Emakumeen Txokoak zaintzan lan egiten duten emakume migratuentzako aurreneko topaketa antolatu du, horien beharrak jasotzeko helburuarekin. Zapatuan egingo dute, 11:00etatik 13:00etara bitartean.

Azpeitiko Emakumeen Txokoak zenbait berrikuntzarekin ekin dio aurtengo ikasturteari. Horien artean dago zaintzan lan egiten duten emakume migratuentzako lehendabiziko topaketa. Emakumeen Txokoak Hegoaldetik Enarak kooperatibarekin elkarlanean antolatu du saioa, emakume horien "beharrak eta interesak jasotzeko espazio bat" izateko asmoarekin. Larunbatean egingo dute topaketa, 11:00etatik 13:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan bertan.

Zaintza lanetan ibiltzen diren emakume migratuei "konfiantzazko leku bat" bermatu nahi dietela azaldu du Ana Novoa Emakumeen Txokoko teknikariak. Horretaz gain, aurrera begirako lan proposamen bat osatu nahi dute, emakume horien beharretatik abiatuta. "Emakumeen Txokoan aurreikus ditzakegu emakume migratuek dituzten zenbait behar, esaterako, lan eskubideen inguruko informazioa beharko dutela, baina beste behar batzuk ere izaten dituzte, askotan imajinatu ere egiten ez ditugunak, eta horiek ezagutu nahiko genituzke, era egoki batean landu ahal izateko", nabarmendu du Novoak.

Azpeitiko Emakumeen Txokoan garbi zuten halako topaketa baten beharra zegoela, "emakume migratuak askotan bertaratzen zirelako lan eskubideen inguruko kontuak lantzen ziren talderen bat ba ote zegoen galdetzera, batez ere zaintza lanetan aritzen direnak", argitu du Novoak. Hori horrela, "egokitzat" jo zuten topaketen moduko zerbait sortzea, "emakume horiek indibidualki bakarrik ez, maila kolektiboan ere ahalduntzeko aukera izan dezaten".

Aurretik ere egin zituzten antzeko saio batzuk, COVID-19 pandemia garaian. Haiek, baina, bereziki lan mundura zuzendutako saioak izan ziren, eta bakarkakoak. "Saio kolektiboak falta ziren, eta lortu dugu horiek ere aurrenekoz antolatzea", gaineratu du Novoak.

Sare bat osatzen

Enredémonos izena jarri diote topaketari, Hegoaldetik Enarak kooperatibako kideek hala proposatuta. «Izen egokia iruditu zitzaigun, loturari eta elkarlanari, hau da, sare bat osatzeari, erreferentzia egiten diolako», dio Emakumeen Txokoko koordinatzaileak. Gaztelaniazko izena jarri diote, euskarara itzuli gabe, topaketa hizkuntza horretan izango delako, "Hegoaldetik Enarak kooperatibako kideek ez baitakite euskaraz", argitu du Novoak. Halaber, Azpeitiko topaketarako propio sortutako izena dela azaldu du hark. 

Topaketa larunbatean egingo dute, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Ordutegia orain gutxi zehaztu dute, izan ere, parte hartuko duten emakumeen beharretara "ahalik eta gehien egokitzeko" ahalegina egin dute antolatzaileek. "Saiora bertaratuko direnen beharrak jaso nahi baditugu, uste dugu ordutegia ere gehiengoaren nahia kontuan hartuta zehaztu behar genuela, eta hala egin dugu, adostasun batera iritsita", argitu dute Emakumeen Txokoko kideek. 

Saioa larunbatean izango den arren, izena emateko aukera zabalik egongo da ostiralera bitartean. Parte hartu nahi dutenek Azpeitiko Emakumeen Txokoan bertan –Goiko kalea, 12– eman dezakete izena, edo bestela, 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta. Izen-abizenak eta telefonoa emanda nahikoa da. Topaketa doakoa izango da, eta amaieran mokadutxo bat egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Emakumeen Txokoko arduradunek adierazi dutenez, larunbatekoa aurreneko topaketa izango den arren, aurrera begira horri jarraipena ematea aurreikusten dute, betiere "parte hartzaileen nahiaren arabera". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide