Liburu berria plazaratu du Garbiñe Larreak. Sendabelarrak eta horien gaineko Larrearen jakintza daude oraingoan ere argitalpenaren oinarrian, baina arlo zehatz bati lotuta, kosmetikari.
Azpeitiko bizilagunak atzo aurkeztu zuen, Donostian, Kosmetikoak sendabelarrekin; bere bigarren liburua da, eta Sendabelarrek dakitena bezala, Argiarekin argitaratu du Larreak. Izenburuak iradoki bezala, azala garbitzeko eta zaintzeko hainbat produktu osagai naturalekin nola egin erakustea du xede argitalpenak, eta kosmetika produktuak erosterakoan kontuan hartu beharreko irizpideak ere jaso ditu egileak. Larreak kosmetika industrialak pertsonen osasunean zein ingurumenean sortzen dituen arazoez ohartarazi du aurkezpenean. Haren esanetan, "azala garbitzeko eta zaintzeko oso produktu gutxi" behar dira, eta "bost sendabelarrekin egin dezakegu kosmetika on bat".
Argiaren webgunean eros daiteke dagoeneko Larrearen liburu berria; Maitane Gartziandiarenak dira liburuaren azala eta diseinua, eta Ibai Arrietarenak argazkiak. Atzoko lehen aurkezpenaren ondotik, beste hiru aurkezpen saio iragarri ditu Argiak, eta horietako bi eskualdean izango dira. Azaroaren 14an, Orioko Kultur Etxean aurkeztuko du Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin, 19:0etan; hilaren 26an, berriz, Zestoako Portalen izango da, ordu berean. Durangoko Azokan ere emango du liburuaren berri, abenduaren 7an.