Telmo Deun emakumeen taldeko arraunlari azpeitiarrak eta azkoitiarrak omenduta, martxan da Garagardo Azoka

Iraia Oteiza 2024ko urr. 31a, 22:28

Iluntzean zabaldu ditu ateak ISBren XIV. Garagardo Azokak, eta irekieran, Zumaiako Telmo Deun emakumeen taldeko arraunlari azpeitiarrak eta azkoitiarrak izan dira protagonista, antolatzaileek aitortza egin baitiete arrauneko azken denboraldian Euskotren ligara igotzea lortu izanagatik. Bihar eta etzi ere jan-edanik ez da faltako Azoka Plazan.

Zabaldu ditu ateak ISBren XIV. Garagardo Azokak. 20:00etan zabaldu dituzte Azpeitiko Azoka Plazako ateak, Zumaiako Telmo Deun emakumeen taldeko arraunlari azpeitiarrak eta azkoitiarrak protagonista direla. Izan ere, ISBk Telmo Deun taldeko Amane Jimenez, Leire Ibar, Laia Aranbarri, Ainhoa Segurola eta Miriam Garagarza arraunlariak omendu ditu arrauneko azken denboraldian Euskotren ligara igotzea lortu izanagatik. Aranbarri, Segurola eta Garagarza bertaratu dira azokara, eta garagardo bana aterata eta topa eginez eman diote hasiera aurtengo Garagardo Azokari.

Behin azoka irekita, jende andana bertaratu da hara, eta jan-edanerako aukera izango dute horiek goizaldera bitartean. Gainera, 80ko hamarkadako musikak girotuko du azoka 23:00tatik aurrera.

Gaur bakarrik ez, bihar eta etzi ere zabalik egongo da Garagardo Azoka, 02:00ak arte. Jan-edanaz gain, musikarik ere ez da faltako han, musika emanaldiak iragarri baitituzte afalostean hasi eta azokako ateak itxi bitarterako: bihar, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria izango da; eta etzi, Kanpax DJak jarriko du musika. Halaber, bihar, mus txapelketa azkarra jokatuko dute Azoka Plazan, 15:30ean hasita.

Hona hemen Garagardo Azokako biharko eta etziko egitaraua:

Bihar, ostirala:

  • 15:30-20:00. Mus txapelketa azkarra. Izen ematea, bikoteko 30 euro.
  • 18:00. Kanpoko barra irekiko dute, eta pintxo-potea.
  • 20:00. Afariak ematen hasiko dira. Aurrez erreserba egiteko aukera izango da, egunotan, 16:00etatik 19:00etara, Azoka Plazan.
  • 22:30. Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria.
  • 02:00. Azokako ateak itxiko dituzte.

Etzi, larunbata:

  • 13:00. Plazako barra irekiko dute.
  • 14:00-17:00. Bazkariak, prezio bereziekin. Aurrez erreserba egin behar da; horretarako aukera izango da egunotan, 16:00etatik 19:00etara, Azoka Plazan.
  • 14:00-20:00. Zerbeza 2x1: bi garagardo baten prezioan.
  • 20:00. Afariak ematen hasiko dira. Aurrez erreserba egiteko aukera izango da egunotan, 16:00etatik 19:00etara, Azoka Plazan.
  • 23:00. Kanpax DJa.
  • 02:00. Azokako ateak itxiko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide