Saretzen

Alde Zaharreko proiektuak eta "erronkak"

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 31a, 11:02

Fernando Arakistain, Elizkalean eraitsi behar duen eraikinari begira. (Aitziber Arzallus)

Fernando Arakistain azpeitiarrak urteak daramatza eraikuntza sektoreko Arrite enpresa promotorearen arduradun, eta ederki ezagutzen ditu burbuila lehertu aurreko garaiak zein ostekoak. 40 bat etxebizitzako eraikin bat baino gehiago egindakoa da Gipuzkoako hainbat herritan, baina, azken urteotan, Azpeitiko Alde Zaharrean ari da jo eta su. Eraikin zaharrak erosten ditu, haiek eraitsi, eta ondoren, etxebizitza bloke berria goitik behera eraikitzen du. Alde Zaharreko proiektuek, eremuaren baldintza bereziengatik, aparteko zailtasunak izaten dituztela dio, baina aitortu du gustuko duela saltsa hori. "Erronka gisa hartzen ditut proiektu hauek".

Dena dela, Alde Zaharrean etxebizitzak egiteko arrazoi nagusia beste bat da; hain zuzen ere, eskaria dagoela. "Enparan kalean, esaterako, hamasei etxebizitza egin nituen, zortzi Zelai Luze aldera begira eta beste zortzi barrualdera begira. Jendeak etxebizitza argitsuak-eta nahi izaten ditu, eta pentsatzen nuen kostatu egingo zitzaidala saltzea; baina berehala saldu nituen guztiak. Oraintxe esku arten dudan proiektuan, berriz, zortzi etxebizitza eraikiko ditut, eta oraindik eraikin zaharra botatzen hasteko nagoen arren, dagoeneko hainbatek eman dute izena".

Arakistainen arabera, bada jendea Alde Zaharrean bizitzea gustuko duena. "Bada jendea han inolaz ere biziko ez litzatekeena, baina bada jendea hantxe bizi nahi duena ere. Horientzat saiatzen naiz denetariko etxeak egiten, logela batekoak, bikoak, hirukoak... Orain artean, denek funtzionatu dute".

Alde Zaharra erakargarriago egiteko ahalegin horretan, duela gutxi Azpeitiko Udalak onartu duen Plan Berezia lagungarri izango dela uste du. "Teilatuan terraza egiteko aukera, balkoi handiagoak egiteko aukera... horiek guztiek gustagarriagoak egiten dituzte etxebizitzak, eta era horretako araudiak beti dira onuragarriak". Etxebizitza eraikin berriek bete beharreko exijentzia geroz eta handiagoen aurrean, laguntza guztia ontzat jo du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide