"Musikaz beteriko asteburu paregabea". Tuba Jaialdiaren antolatzaileek hala deskribatu dute joan berri den XIV. edizioa. "Jakintzak zabaltzeko, maisu eta musikari berriak ezagutzeko eta Azpeitiko gastronomia bikaina dastatzeko aukera" izan dute parte hartzaileek, Tuba Jaialdiaren sustzaileen arabera.
Bi eguneko jaialdiko egitasmo guztiak "arrakastatsuak" izan direla esan dute. Ostiralean "tailer interesgarria eta xarmaz betetako kantu jira" gauzatu zituzten, eta zapatuan, berriz, Tuba Eguna izan zen. Beroketa eginda, kontzertua prestatzeari ekin zioten goizean, Juan Carlos Ribellesen gidaritzapean; musikari hainbat elkartu ziren. Gainera, aurten, sekula baino emakume gehiagok parte hartu dute: "Bost emakume aritu dira tuba eta bonbardinoa jotzen".
Harremanak sendotu eta tripak bete ostean, Raul Puente luthierrak musika tresnak puntuan jartzeko aukera eskaini zien musikariei, eta gero, Tutik Clowns taldeko Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoekin Tuba Zirkoan emanaldiaren entsegua egin zuten. Musikariek eta pailazoek elkarrekin iluntzean eskaini zuten emanaldia "dibertigarria" izan zela azaldu dute jaialdiaren sustatzaileek.
Urtez urte, Tuba Jaialdiak gonbidatu bereziekin egiten du Tuba Eguneko kontzertu nagusia. Aurten pailazoak izan dira gonbidatuak, baina aurreko edizioetan Korrontzi, Kepa Junkera, Iban Nikolai, Sucro Band nahiz Azpeitiko eta beste hainbat herritako taldeak eta bakarlariak ere izan dira agertokian.
Tuba Jaialdiko kideek esan dutenez, aurki itzuliko dira: izan ere, Gabon Tubak kontzertu berezia eskainiko dute aurten ere.