2022an zaharberritzen hasi eta iaz Iraurgi ikastetxearena izan zen eraikinean erakutsi ondoren, San Martin egoitzako erlojua edonork ikusteko moduan jarri dute orain. Joan den astean kokatu zuten zaharren egoitzako sarrera nagusiaren ondoan Juan Sugastik duela bi mende pasa egindako erlojua. Kristalez babestutako estalpe batean jarri dute, eta ikusmina piztu herritarren artean.
Hala ere, erlojuaren kokaleku berria ez dago oraindik guztiz osatuta. Falta zaizkion elementuak gehituta, azaroaren 12an ekitaldia egingo du udalak kokaleku berria aurkezteko, egoitzakoen San Martin Astearen barruan. Besteak beste, erlojua zaharberritu dutenek parte hartuko dute ekitaldi horretan.