Iberotarren Plazako haur parkea berritzeko lanak hasi dituzte

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 28a, 16:45

Iberotarren Plazako parkea, gaur. (Azpeitiko Udala)

Aste honetan edo datorrenerako bukatuko dituzte lanak. Euskal Herria kalean, berriz, aurreko astean hasi zituen udalak hango eskaileretako batzuk konpontzeko lanak.

Hasi berri dituen bi obraren berri eman du gaur udalak. Batetik, gaur bertan hasi dituzte Iberotarren Plazako haur parkea berritzeko lanak. "Zaharkituta" zegoen jolas parkea kendu, eta berria jarriko du udalak han. Lanek 17.800 euroko aurrekontua dute eta, "eguraldiaren arabera", aste honetan ez bada datorrenean bukatzea aurreikusten du udalak.

Bestetik, Euskal Herria kalean ere obrak hasi ditu udalak. Hain zuzen ere, Barrenetxe auzoa eta Euskal Herria lotzeko eskailera zatietako bat –biribilgune parekoa– berritzeko lanak dira joan den astetik martxan direnak. Art Eraikuntzak enpresa ari da lanak egiten, 52.900 euroko aurrekontuarekin; hiru hilabeteko epean bukatuta egotea aurreikusten du udalak.

Euskal Herria kaleko obrak. (Azpeitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide