Euskal Herriko Trail Kopa irabazi duzu junior mailan. Espero al zenuen?
Nire buruarengan konfiantza handia izaten dut normalean, eta azken urteetan izandako errendimenduak bultzada gehigarri bat eman dit aurtengo koparako. Beraz, esperantza banuela esan dezaket, eta oso pozik nago lortutako garaipenarekin. Aurten, gainera, junior mailan arituko naizen azken urtea izango da, eta Euskal Herriko Trail Kopa irabazita, nire aurtengo helburu nagusienetako bat betetzea lortu dut.
Basajaun trail mendi lasterketan bigarren egin zenuen, eta horren emaitzak kontuan hartuta erabaki ziren koparen irabazleak. Zer moduz joan zen azken proba hura?
Egia esan, aste gogor batzuen ostean iritsi nintzen Basajaun trail lasterketara, gripearekin nengoelako, oraindik guztiz sendatu gabe eta sentsazio onik gabe. Lasterketara joan ala ez zalantzan egon nintzen, baina azken uneko aparteko motibazio baten ondorioz parte hartzea erabaki nuen, kopako azken sailkapenerako puntuak gehitzeko, behintzat.
Lasterketa hasieran sentsazio eskasak izan nituen, baina beherantz joatean, nituen indarrak korrikalariak aurreratzeko baliatu nituen. Azken kilometroetan, ordea, aurreneko postuetan gindoazen korrikalari batzuk galdu egin ginen, eta nahasmen handia egon zen. Lasterketaren amaiera aldera, aurreneko postuan nindoala pentsatu nuen, baina helmugara iristean ikusi nuen nire aurretik beste korrikalari bat helmugaratu zela, eta hark eraman zuen garaipena. Bigarren postuan sailkatu nintzen ni.
Orotara zenbat lasterketa korritu dituzu Euskal Herriko Koparen barruan? Zer sentsazio izan duzu horietan?
Aurtengo denboraldian lasterketa ugaritan parte hartu dut, ia astero izan baitut probaren bat, batez ere apiriletik ekainera bitartean. Bitarte horretan korritu nituen, esaterako, Euskal Herriko Trail Kopako aurreneko bi lasterketa –Kanpezuko mendi lasterketa eta Triku trail–. Horietan aurrena irabaztea lortu nuen, baina bestean erori egin nintzen eta erretiratu egin behar izan nuen. Azken hilabeteetan izan dira kopako Skyrhune eta Basajaun trail lasterketak, eta aurreneko eta bigarren postuak eskuratu ditut horietan. Beraz, lau lasterketa korritu ditut Euskal Herriko koparen barruan, eta oro har, sentsazio onak izan ditut.
Iaz ere Euskal Herriko Trail Kopa irabazi zenuen. Aurten lehia estuagoa izan al da?
Aurtengoan presio handiagoarekin aritu naiz. Triku trailetik erretiratu egin behar izan nuenez, falta ziren bi lasterketetan puntuazio ona lortzea nahi nuen, garaipena eskuratu ahal izateko. Kanpezuko eta Skyrhuneko mendi lasterketetara indartsu joan nintzen, baina Basajaun trailean presio handia sentitu nuen, gaixorik egon eta guztiz errekuperatu gabe parte hartu nuelako, lasterketa amaitzeko gai izango ote nintzen jakin gabe.
Euskal Mendi Federazioaren mendi lasterketa irabazi zenuen maiatzean, Euskal Herriko Gazteen Kilometro Bertikaleko txapela ere bai, Kobaz Kobako 15 kilometroko proba ere irabazi zenuen... Eta beste hainbat ere bai. Urte gogoangarria ari al da izaten?
Guztiz. Orain dela urte gutxi batzuk ez nuen pentsatu ere egingo halako maila ematea lortuko nuenik. Eguneroko lana eta sakrifizioa bere fruitua ematen ari dira, eta gustura nago. Espiritu horrekintxe jarraituko dut lanean hemendik aurrera ere, ahal dudan guztia emanez.
Urtea bukatu bitartean zein lasterketatan parte hartzea espero duzu?
Aurtengo lasterketa garrantzitsu gehienak jada korritu ditut. Hala ere, urtea amaitzerako badut beste hitzordu garrantzitsu bat ere, datorren hilean Espainiako Kopako finala jokatuko baitut Almerian. Hori bukatzean, amaiera emango diot aurtengo nire denboraldiari; bitartean, baina, beste lasterketa batzuetan ere parte hartuko dudala pentsatzen dut, disfrutatuz eta hurrengo urtera begira esperientzia gehiago lortuz.
Helburu bereziren bat ba al duzu finkatuta?
Datorren urtean beste kategoria batean lehiatuko naizela ikusita, distantzia eta estrategia berrietan jarriko dut arreta laster. Hori horrela, Euskal Herriko Trail Kopan guztiz zentratu beharrean, izen handiko beste lasterketa batzuei begira jarriko naiz, Espainiako txapelketak alde batera utzi gabe.