Azken 50 urteetan Azpeitiko alkate izan diren herritarrak omenduko ditu ISBk igande arratsaldean. Klubaren mende erdiko ospakizunen barruan egingo dute eskertza ekitaldia Azpeitiko kiroldegian, Biele ISBren eta Cultural y Deportivo Leonesa taldeen partidaren atarian (18:00).
ISBk 50 urteotan egindako lana eskertu nahi dio Azpeitiko Udalari, eta ondorioz, taldearen ibilbidean herriko alkate karguan izan diren lagunek oroigarria jasoko dute. Hain zuzen, Luciano Lazkanok, Jose Maria Bastidak, Julian Eizmendik, Iñaki Errazkinek, Eneko Etxeberriak eta Nagore Alkortak jasoko dute aitortza. Imanol Elias ere alkate izan zen Lazkanoren ostean, baina 2013an hil zen hura.
Iraurgik klubaren 50 urteko historian esanguratsuak izan diren pertsonak eta taldeak omentzen jarraituko du, beraz, igandeko hitzorduarekin. Besteren artean, Azkoitiko Udaleko ordezkariak, txapelketak irabazitako ISBko taldeetako kideak nahiz klubeko gaur egungo nahiz garai bateko kideak omendu ditu.