Kilometroak 2024

Kilometroen antolatzaileek nahiz Azpeitiko Udalak igandean herrian jazo zen eraso sexista salatu dute

Julene Frantzesena 2024ko urr. 8a, 13:12

Kilometroetako irudia.

Bi erakundeetako ordezkariek "laguntza eta babes osoa" adierazi diete erasoa jasan duten emakumeei eta haien ingurukoei. Lanean jarraituko dutela jakinarazi dute, bereziki hezkuntza komunitatetik, "berdintasunaren oinarriak auzitan" jartzen dituen "arazo sozial larriarentzat" irtenbidea bilatu beharra dagoelako.

Kilometroen antolatzaileek nahiz Azpeitiko Udalak igandean herrian jazo zen eraso sexista salatu dute. Bi erakundeetako ordezkariek "laguntza eta babes osoa" adierazi diete erasoa jasan duten emakumeei eta haien ingurukoei, eta beren babes eta baliabide guztiak emakume horien esku jarri dituzte. "Kilometroek eta udalak ozen adierazi nahi dute herri honek ez duela inolako indarkeria matxistarik onartzen, eta azpimarratu nahi dute espazio publikoa eta herriko jaiguneak espazio seguruak, gozagarriak eta askeak izan behar dutela", esan dute.

Udalak eta Kilometroen sustatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, "poztekoa" da urte askotako lanaren ostean neskek eraso oro identifikatzeko eta horiek salatzeko gaitasuna izatea. Gainera, adin txikikoen intimitaterako eskubidea aldarrikatu dute, gertaera horren inpaktua beren eguneroko bizitzan "ahalik eta arinena" izan dadin.

Haiek esan dutenez, halako gertaerek "eragin zuzena" dute herriko neskengan eta emakumeengan. Horregatik, lanean jarraituko dutela adierazi dute, bereziki hezkuntza komunitatetik, "berditasunaren oinarriak auzitan" jartzen dituen "arazo sozial larriarentzat" irtenbidea bilatu beharra dagoelako. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dira gure ardurak".

Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeria emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen egiturazko arazoa dela salatu dute. Halaber, indarkeria horrek forma asko hartzen dituela gogorarazi dute, horietako bat indarkeria digitala dela azpimarratuta. Halako erasoek emakumeengan sortzen dituzten "beldur mekanismoei aurre egiteko baliabideak" jartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide