Kilometroak 2024

"Jai giro jatorra" nabarmendu da Kilometroen arratsaldean ere

Iraia Oteiza eta Nerea Uranga 2024ko urr. 6a, 18:46

Kontzertuak, tailerrak, antzerkia, batukada, jolasak... askotariko ekitaldiak izan dira gaur arratsaldean Azpeitiko Kilometroetan. Kilometroen antolatzaileak gustura agertu dira jaiaren azken orduan, "giro jatorrean eta lasaian" egin delako festa.

Deñe, Go!azen, Imuntzo eta Beloki, La Basu, Ukabil, Tapia eta Leturia, Janus Lester, TRini Fox, Eraldatzen, Urtz... musika taldeak izan dira Kilometroetako lau guneak arratsaldez girotu dituztenak, baita jendez bete ere. Eguraldiak ere lagundu du arratsaldeko ia ordu guztietan, baina sargoriak berekin euria ekarri du arratsaldeak aurrera egin ahala. Dena den, festarekin segitzeko gogoz zegoenak hala egin du.

Jendea batu da arratsaldeko ia ekitaldi guztietan, eta gune batetik bestera ere ibili da jendea. Izarraizko Atea parkeako txokoak nahiz Loiolakoak ere hartu ditu jendeak otartekoak jateko eta bazkaltzeko. Antolatzaileek arratsaldeko ekitaldiak bukatzear zirela adierazi dutenez, Kilometroetarako jarritako jateko postuetan ia janari guztia bukatzear zegoen, eta ikastolan egokitu duten jantokian jende askok bazkaldu du.

Jende asko ibili da egunean zehar, eta festa hazten joan da orduek aurrera egin ahala. Familia giroa egon da eta gazte asko ere elkartu da. Antolatzaileak, jaiaren azken orduetan adierazi dutenez "giro jatorrean eta lasaian" egin da festa, eta horregatik balorazio positiboa egin dute.

21 ikastoletako taldeen artean jokatu den Erronka Legazpiko Haztegi ikastolakoek irabazi dute, eta sari gisa 1.000 euro jaso dituzte. BIgarrena, Anoetako Herri Ikastola izan da, 500 euro eskuratu ditu. Hirugarrena, berriz, 300 euroko sariarekin Lazkao ikastola izan da.

Ikasberri Ikastolako Batxilergoko lehen mailakoek Ikasbidaiara bi zozketa egin dituzte Kilometroetan, eta lehen saria 4286 zenbakiak jaso du (ordezkoa 741 da) eta bigarren saria 4109 zenbakiak (ordezkoa 1494 zenbakia da).

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea, Iraia Oteiza eta Nerea Uranga)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide