Eguzki izpitan hasi dute gaur Kilometroak jaia Ikasberri ikastolaren atarian egindako ekitaldiarekin. Musikaren eta kantuan hasitako ekitaldiak bukaera ere halakoxea izan du. Izpiz izpi lelo hartuta eta eguzkilorea irudi duela antolatu du Kilometroak 2024 jaia Ikasberri ikastolak, eta irekiera ekitaldian parte hartu duten gehienek aipatu dituzte bai izpiak baita eguzkilorea ere. Urte osoan zehar, Kilometroen antolatzaileek oinarri izan dituzten hiru ardatzen garrantzia eta sustapena ere azpimarratu dituzte guztiek, hala nola euskara, aniztasuna-kulturartekotasuna eta herrigintza.
Eskapaie elektrotxarangak hasi du ekitaldia, aurtengo Kilometroetako Izpiz izpi kantua abestuz, eta saioa Mattin Arakistain eta Miren Iturzaeta ikastolako ikasleek eta Euskal Gorrak elkarteko kide batek aurkeztu dute. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak kultur elkarteko lehendakaria.
Erakundeetako agintariek eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek hitzartzeen artean Imanol Lazkano eta Joanes Azpillaga bertsolariek kantatu dute. Ekitaldia bukatzeko, Kilometroen antolatzaileek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu dituzte eta haiek lau hamarkadetan euskararen, kulturartekotasunaren, aniztasunaren nahiz herrigintzaren alde egindako lana aitortu diete. Pailazoek, berriz, bidelagun duten Josu Txapartegi Txapasi elkarbanatu nahi izan dute omenaldia. Bukatzeko, ekitaldian bildutako guztiak dantzan eta kantuan jarri dituzte pailazoek. Kilometroen festari segida kalejiran eman diote, Ikasberritik plazara abiatuz.
Behin plazara, Kilometroen lehen gunera iritsitakoan, 2025eko Kilometroak antolatzeko lekukoa eman diote Azpeitiko Ikasberri Ikastolakoek Elgoibarko ikastolakoei.
Kilometroetako egitaraua:
1. gunea-herriko plaza: herria.
- 10:00-13:00. Erronka.
- 11:00-11:30. Bertsolariak.
- 11:30-13:00. Herri kirolak.
- 13:00-14:00. Muxikoak dantza plaza.
- 13:30-14:30. Erronka.
- 14:30-15:30. Erromeria: Imuntzo eta Beloki.
- 16:00-17:30. Kontzertua: La Basu
- Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia, Iturri Txiki ludotekan.
2. gunea-Esklabak: euskara.
- 11:00-12:00. Izpiz izpi jolasean: karaokea.
- 12:30-13:30. Iagomago eta Julen magoa.
- 13:30-14:30. Skate erakustaldia.
- 14:30-15:30. Kontzertua: Deñe.
- 15:30-17:00. Go!azen.
- Beste ekintzak egunean zehar: Euskaltel bizikleta zirkuitua eta puzgarriak: Laboral Kutxa, Reala txokoa.
3. gunea-ikastola: euskara..
- 11:00-11:30. Kontzertua: Skapaie.
- 12:00-13:00 Antzerkia: Troia kale antzerkia.
- 13:00-14:00 Kontzertua: Leherkaitz.
- 14:30-15:30 Kontzertua: Ukabil.
- 16:30-17:30 Kontzertua: Tapia eta Leturia.
- 18:00-19:00 Kontzertua: Janus Lester.
- Beste ekintzak egunean zehar: Izpiz izpi jolasean: Bihotz Urdina eta Antxieta arkeologia taldea. Eitb: Makusi, Eroski elikadura tailerra.
-
Aniztasun funtzionala dutenentzat gune lasaia: ikastolako 3-6 urtekoen gelan.
4. gunea-Loiola: aniztasuna.
- Goizean zehar: yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldiak.
- 11:00-13:00. Erronka.
- 12:30-13:30. Kontzertua: Ro.
- 14:00-14:45. Kontzertua: Eraldatzen.
- 15:00-16:00. Kontzertua: Trini Fox.
- 16:30-17:30. Kontzertua: Urtz.
- Beste ekintzak egunean zehar: artisau azoka, Izpiz izpi jolasean, zirku tailerra, emozioen babeslekua eskulan tailerra eta kapoeira.
Egunean zehar, kaleko animazioa: Sahatsa dantza taldea, Euskal Herriko Joaldunak, Itsasi euskal kultur elkartea, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak, Batukada eta UK03 txaranga.