Bisita daiteke Nora Alberdiren 'Etxean bezala' argazki erakusketa

Iraia Oteiza 2024ko urr. 5a, 13:00

Doi egitasmoaren barruko erakusketa ireki du Nora Alberdi artistak Foru Ibilbideko aretoan. Urriaren 20ra arte egongo da ikusgai, eta bisita gidatuak ere eskainiko ditu. Alberdik Bartzelonan egindako egonaldian ateratako argazkiak dira erakusketaren abiapuntu, eta ordena bati jarraituz antolatu du 52 argazkiko bilduma, "iraganetik orainerako lotura eginez, nahiz eta bidean apur bat galdu". 

Nora Alberdi artista azpeitiarraren Etxean bezala argazki erakusketa jada ikusgai dago Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Alberdik Bartzelonan egindako egonaldian ateratako argazkiak dira erakusketaren abiapuntu, eta ordena bati jarraituz antolatu du bilduma, "iraganetik orainerako lotura eginez, nahiz eta bidean apur bat galdu". Kulturaz kooperatibak sormenari irekitako Doi egitasmoaren barruan prestatu du erakusketa. Sormena babesteko eta sortzaileen lana ikustera emateko egitasmoa da Doi.

52 argazkik osatzen dute Alberdiren erakusketa, eta "irudi gehienak Bartzelonan eginak diren arren, Euskal Herriko beste zenbaitek ere osatzen dute bilduma". Hala, "lotura bat" dute guztiek elkarrekin, "batzuk formagatik, beste batzuk koloreagatik eta beste batzuk ateratako garaiagatik". Hala ere, "interpretazioa irekia" dela adierazi du egileak, eta horrexegatik ez die argazkiei izenik, datarik edota lekuen izenik jarri.

"Galtzearen plazera"

Alberdik azaldu duenez, Bartzelonan deskubritu zuen kamera hartu, kalera atera, eta "besterik gabe" argazkiak ateratzea atsegin duela. Horregatik, "ezagutze aldera galtzearen plazera" esaldia hautatu du Etxean bezala erakusketako testuaren abiaburu. "Polita iruditzen zait gauza txiki edo sinpleei argazkiak atera eta horrekin disfrutatzea" dio azpeitiarrak.

Eta honako hau da azalpen txartelean jasotako mezua: "Ibiltzea, beldurra kentzeko, eta segurtasun ezaren eraikuntza mediatikoa agerian uzteko. Hasieran, inoiz ibili ez garen lekuetan ibiltzean, mesfidati goaz, zalantza sortzen zaigu egiten ari garenaz, ez ote garen ari denbora galtzen. Baina azkenean aurre egitea lortzen badugu, bide berrien eta ziurtasun berrien plazera ere sortzen da, geure gorputzarekin pentsamendu bat eraikitzeko gustua deskubritzen dugu, geure adimenarekin jarduteko. Galtzeak esan nahi du ez dugula beti guk kontrolatzen espazioa, badela espazioak gu menderatzeko aukera ere. Gure ziurtasun urriak krisian jartzeak aukera ematen digu lehenago aztertu gabeko mundu eta aukera batzuetara zabaltzeko gure burua".

Bartzelonan argazkiak ateratzeko hasiera batean landareak, zuhaitzak eta, oro har, natura topatzen zituela aitortu du Alberdik, "etxean bezala sentitzeko behar moduko bat" zuelako. Hori dela eta, Etxean bezala izenburua jarri dio argazki erakusketari.

Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan zein igandeetan 12:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa, urriaren 20ra bitartean. Halaber, bisita gidatuak ere izango dira artistaren eskutik, urriaren 15ean, 18.30ean hasita, eta urriaren 20an, 12.00etatik aurrera. Bisita horietan parte hartzeko aurrez eman behar da izena, inprimaki hau beteta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide