Loiolan estreinatu dute Organo Erromantikoaren Nazioarteko 25. Zikloa

Nerea Uranga 2024ko urr. 5a, 08:30

Christian A. Almada, Petro Cernuto eta Vincenzo Isaia Loiolako basilikan. (Urtzi Oteiza)

Hiru musikarik bat eskaini dute zikloaren aurreneko kontzertua, Loiolako basilikan; hain zuzen ere, Christian A. Almada, Pietro Cernuto eta Vincenzo Isaia izan dira protagonistak. Zikloko bigarren kontzertua gaur Azkoitian da.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloak mende laurdena beteko du aurtengo edizioarekin. Zikloa osatzeko hamar kontzertu antolatu dituzte ohi bezala hiru herritan: Azpeitian, Azkoitian nahiz Bergaran.

Aurreneko kontzertua atzo arratsaldean izan zen Loiolako basilikan, eta hiru musikari aritu ziren: Christian A. Almada organo jotzaile argentinarra, Pietro Cernuto friscaletto eta gaita jotzaile italiarra eta Vincenzo Isaia klarinete jotzaile italiarra. Almada 2007 urteaz geroztik San Paulo Harresiz Kanpoko Aita Santuaren Basilikako organista titularra da. Cernuto, berriz, nazioarteko hainbat musika lehiaketetan 32 lehen sari irabazitakoa da, eta gaur egun Siziliako Unavantaluna musika folklorikoko taldeko kidea da. Isaiak ere sari ugari jaso izan ditu bakarlari gisa eta ganbera-musika ataletan, eta 2016. urtetik Erromako Armada Italiarraren Musika Bandako klarinete bakarlaria da.


Kontzertua atzo Loiolako basilikan. (Urtzi Oteiza)

Loiolako bigarren kontzertuaren (urriak 11, 19:30) bi protagonistak herrikoak izango dira: Itziar Urbieta organo jotzailea eta Loiolako basilikako organista eta Iraia Bereziartua biolin jotzailea.

Gaur, Azkoitian

Azkoitiko parrokiako kontzertuak larunbatetan izango dira, 20:00etan. Gaur izango da aurrenekoa eta Mikel Ansola Markina-Xemeingo (Bizkaia) organo jotzaileak eskainiko du kontzertua, DOS-I abesbatzarekin batera.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXV. Zikloaren egitaraua:

Azpeitia, Loiolako basilika (19:30)..

  • Urriak 11, ostirala: Itziar Urbieta organista eta Iraia Bereziartua biolin jotzailea.
  • Urriak 18, ostirala: Valentin Lukan organista.
  • Urriak 25, ostirala: organo ikasleak.

Azkoitia, Amabirjinaren Jasokundearen parrokian (20:00).

  • Gaur, urriak 5, larunbata: Mikel Ansola organista eta DOS-I taldea.
  • Urriak 12, larunbata: Loreto F. Imaz organista eta Ainhoa Zubillaga mezzoa.
  • Urriak 19, larunbata: Nathan Laube organista.

Bergara, Santa Marina parrokia (19:00).

  • Urriak 6, igandea: Juan de la Rubia organista eta Xabier Urtasun organista.
  • Urriak 13, igandea: Ignacio Arakistain organista eta Aritz Segura zeharkako flauta jotzailea.
  • Urriak 20, igandea: Aitor Olea organista eta Airean ahots taldea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide