Kilometroak 2024

340 gaztek parte hartuko dute Kilometroetako Erronkan

Nerea Uranga 2024ko urr. 4a, 14:41

Ikasberri ikastolako Erronkako taldea.

21 ikastolek parte hartuko dute, eta zazpi proba egin beharko dituzte. Proba horiek Azpeitiko Ikasberri Ikastolak beste hainbat eragilerekin batera antolatukoak izango dira, besteak beste, Erniarraitz bertsozale elkartearekin, Kulturaz kooperatibarekin eta Marea Urdinarekin.

Kilometroen egunean, igandean, Gipuzkoako 21 ikastoletako 340 gaztek Erronkan parte hartuko dute; guztiak DBH3 eta DBH4 mailetakoak dira. Talde bakoitzaren ardura bi pertsona helduk izango dute. Ikasberrik aurreneko aldiz parte hartuko du aurten Kilometroetako Erronkan. Honako ikastoletako taldeek parte hartuko dute Erronkan: Orereta, Anoeta Herri Ikastola, Laskorain, Lazka, Haztegi, Aranzadi, Santo Tomas lizeoa, Txantxiku, Udarregi, Haurtzaro, Jakintza, Uzturpe, Urretxu-Zumarraga, Zurriola, Ikasberri, Andoain, Zubimusu, Arizmendi, Andramendi, Salbatore Mitxelena eta Pasaia Lezo.

Igandean, Kilometroetako egitarauaren barruan, 10:00etan aurkeztuko dituzte taldeak herriko plazan, eta ondoren probaz proba ibiliko dira plaza eta Loiola artean. Zazpi proba egin beharko dituzte, guztira: bertsolaritza (plazan), kultur ginkana (Matxinada plazan), Loiolara joatea, zirkuitua (Loiolako Inazio etorbidean), Marea Urdina (Loiolako Inazio etorbidean), pentatloia (zezen plazan) eta bazkaritarako paella prestatzea.

Proba horiek Ikasberrikoek herriko beste hainbat eragilerekin prestatu dituzte; besteak beste, Erniarraitz bertsozale elkartearekin, Kulturaz kooperatibarekin eta Marea Urdinarekin.

Sari potoloak

Proba guztiak bukatu ondoren, Azoka Plazan elkartuko dira denak batera bazkaltzeko. Bazkalondoan banatuko dituzte sariak. Sari potoloak jasoko dituzte lehen hiru postuetan sailkatzen diren ikastolek: Erronkaren irabazleak 1.000 euro jasoko ditu; bigarrenak, 500 euro; eta hirugarrenak, 300 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide