Ireki dute haurrentzako filosofia tailerrean izena emateko epea

Julene Frantzesena 2024ko ira. 30a, 10:33

Haurren filosofia tailerreko irudi bat.

Jakinmin elkarteko kideek eskainiko dituzte saioak urritik martxora bitartean, larunbatetan. Bi talde eratuko dituzte aurten, adinaren arabera. Haurrek eta gaztetxoek jolasaren bidez pentsatzeko eta hausnartzeko tartea hartuko dute saioetan.

Haurrentzako filosofia tailerra antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Jakinmin elkarteak hasi berri den ikasturterako, eta dagoeneko eman daiteke saioetan parte hartzeko izena. Udalak azaldu duenez, azken urteetako arrakasta ikusirik, aurten bi talde eratu nahi dituzte: LH 3. eta 4. mailetako ikasleena bata; eta LH 5. eta 6. mailakoena eta DBHkoena, bestea.

Urritik martxora bitartean sei saio egingo dituzte; hilean behin izango dira, larunbatez, Basazabal jauregian. Honako egun hauetan izango dira saioak: urriak 19, azaroak 9, abenduak 14, urtarrilak 11, otsailak 8 eta martxoak 15. LH 3. eta 4. mailetako ikasleen saioak 16:00etatik 17:30era izango dira, eta LH 5. eta 6. mailetako eta DBHko ikasleena, berriz, 17:30etik 19:00etara.

Haurrek eta gaztetxoek jolasaren bidez pentsatzeko eta hausnartzeko tartea hartuko dute saioetan. Izena eman nahi dutenek honako lotura honetan dagoen formularioa bete beharko dute. Taldearen dinamika ez apurtzeko, izena ematen duten haurrei saio guztietara joateko konpromisoa eskatu diote tailerraren sustatzaileek.

Honako lotura honetan irakur daiteke iaz Azpeitiaguka.eus-ek Jakinmin elkarteko kideei filosofia tailerra dela-eta egindako elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide