Magiaren zirrara, gertu-gertutik

Andoni Elduaien 2024ko ira. 28a, 16:14

Eguerdian hasi dira magoak magia ikuskizunak herritarrei egiten. Era guztietako materiala erabili dute magoek aurrean zituzten herritarrak txundituta uzteko. Arratsaldean, gala nagusia egingo dute Soreasu antzokian. 

Magiaren festak aurrera jarraitzen du Azpeitian. Atzo hasi zen jaia gertuko magiaren galarekin, eta gaur, 12:30 aldera hasita, magia poteoa egin dute magoek Alde Zaharrean; herriko plazan ibili dira gehienbat beraien trikimailuak erakusten. Maria Arandia, Xabi Magoa, Rubi Ferez eta Juan Capilla magoak, eta etxeko zenbait, tartean Iagomago eta Julen Magoa, aritu dira gaur plazako mahaietan eserita zeudenei zein artisau postuetan zeudenei magia ikuskizunak eskaintzen. Besteak beste, papera, kartak eta uztaiak erabili dituzte magoek lanerako, baina izan da mugikorrarekin tabernaren bueltan zeudenak txundituta utzi duenik ere.

Arratsaldean, berriz, gala nagusia eskainiko dute Soreasu antzokian 19:00etan hasita, eta han ere emanaldi bereziak ikusi ahal izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Oholtzan ariko dira Rubi Ferez eta Juan Capilla, baita Eneko Gutierrez eta Potx Magoa ere. "Potx-ek eta Gutierrezek magia komiko eta freskoa eskainiko dute; Capillak emanaldi ikusgarria eskainiko du eta Rubik mundu mailan saritutako ikuskizuna",. Iagomago arduratuko da gala zuzentzeaz, eta trikimailuren bat edo beste ere egingo du hark. Sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 10 euroren truke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide