Askotariko eskaintza, Artiekinen bertako artisauen azokan

Andoni Elduaien 2024ko ira. 28a, 14:43

Euskal Herriko 27 eskulangile ari dira parte hartzen Artiekin elkarteak plazan antolatu duen azokan. Eguraldia argilunetan ibili da goiz osoan zehar, eguzkiaren eta euriaren arteko deman. Saltzaileen postuak ez ezik, talogileek ere asetu dute herritarren gosea, eta haurrek Ametsen txokoko tailerrarekin gozatu dute. Arratsaldean, Dona Donik izozki tailerra eskainiko du. 19:00etara arte luzatuko dute azoka.

Artiekin bertako artisauen elkartea azoka ari da egiten gaur, zapatua, Azpeitian. Eguraldia aldakor ibili da goiz osoan zehar, oraintxe argi eta ilun gero, baina Euskal Herriko 27 eskulangilek jarritako postuek plazan buelta bat ematera gonbidatu dituzte herritarrak. Aterruneak baliatuta, asko izan dira goizean goizetik artisauen gaurko eskaintza ezagutzera bertaratu diren lagunak, eta tartean, noski, erosketak ere egin dituzte batzuk.

10:00etan ireki dituzte artisauek postuak, eta 19:00etara arte plazan egongo dira beraien produktuak eskaintzen. Haien postuen artean daude talogileak ere, eta euripeko uneetan zenbait mokadutxoa egitera gerturatu dira. Talogileen alboan, berriz, haurrak protagonista; Ametsen txokoak eskumuturrekoak egiteko tailerra eskaini du, eta dozenaka haur igaro da bertatik berea egitera. Arratsaldean, Getariako Dona Donik eskainiko du izozki tailerra. 17:00etan hasiko da Fernando Alberdiren ikastaroa, eta amaieran, izozki bana emango die hark parte hartzaileei. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide