Prebentzioan eragiteko asmoz, suizidioari buruzko hitzaldia emango dute hilaren 16an

Andoni Elduaien 2024ko ira. 10a, 09:02

Prebentzioan eragiteko asmoz antolatu dute hitzaldia. (Kris Fernandez)

Hilaren 16an, astelehenez, eskainiko dute suizidioa prebenitzea helburu duen hitzaldia, Azoka Plazako ekitaldien aretoan. 18:00etan hasiko da saioa, eta Bidegin elkarteko bi ordezkarik hitz egingo dute. Hitzaldia gazteleraz izango dela adierazi du udalak.

Suizidioari buruzko hitzaldia emango dute datorren astelehenean, hilak 16, Azpeitiko Azoka Plazako ekitaldien aretoan (18:00). Doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzea xede duen Bidegin elkarteko Belen Peralesek eta Eneko Eizagirrek eskainiko dute han hitzaldia, Suizidioa: nola prebenitu izenburupean. Udalak jakinarazi du, saioa gazteleraz eskainiko dutela.

Suizidioa tarteko, Peralesek eta Eizagirrek senide bana galdu dute, eta bi lagunek beraien esperientzia zein orduz geroztik bidean ikasi dutena partekatuko dituzte azpeitiarren aurrean. "Suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa" sortu nahi dute hitzaldia antolatuta. "Badakigu beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela", nabarmendu du Bidegin elkarteak.

Hain justu, gaur Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu zabalean, eta horren harira antolatu dute datorren asteleheneko saioa. Suizidioaren inguruko "mitoak apurtzeko" balioko du hitzaldiak, baita sufrimendu psikikoa jasaten ari diren nahiz beraien buruaz beste egiteaz pentsatzen egon daitezkeen pertsonak inguruan dituztenei jarraibideak emateko ere. Bide batez, elkarteko bi ordezkariek "senideei beharrezko babesa ematearen garrantziaz" hitz egingo dute, bai maila profesionalean, bai maila sozialean. "Traumari aurre egiteaz gain, estigma jasaten dute, bakardadean, beldurrez eta errudun sentsazioarekin bizitzera eramaten dituen begirada sozial horren presioa", azpimarratu du elkarteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide