'Osasuna eta hizkuntza' udako ikastaroaren zazpigarren aldia Azpeitian egingo dute

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 8a, 15:57

(Argazkia: Tolosaldeko Ataria)

Irailaren 13an, jardunaldi bakarrean, emango dute Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago Azoka Plazako lehen solairuko aretoan, EHUren Uda Ikastaroen barruan. Matrikula irekita dago.

Azpeitia bigarrenez izango da protagonista EHUren aurtengo Uda Ikastaroetan (UIK). Uztailaren 16an eta 17an, Azpeitiko udalaren eskutik, Zaintza emozionalerako eredu berritzaileak tokiko administrazioen ikuspegitik. Azpeitiko esperientzia izeneko ikastaroa eman zuten Donostiako Miramar jauregian. Datorren irailaren 13an, berriz, Azpeitiak hartuko ditu Uda Ikastaroak: Azoka Plazako lehen solairuko aretoan, Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago izeneko ikastaroa emango dute egun horretan, Osasuna eta hizkuntza ikastaroaren zazpigarren aldia, hain zuzen.

Jon Zarate, EHUren Farmazia Fakultateko irakaslea eta Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea; eta Aitor Montes Aramaioko (Araba) familia medikua dira ikastaroaren zuzendariak, eta hiru helburu nagusi bete nahi dituzte ikastaroarekin: osasun arloko hizkuntza plangintzaz eztabaidatzea; hizkuntza eskakizunez harago osasungintzan euskararen erabileraren determinatzaile diren beste zenbait gako mahai gainean jartzea; eta Euskal Herritik kanpo hizkuntza eskakizunez harago duten begiradaren adibideak azaltzea.

Horretarako, bederatzi gonbidatuk-hizlarik parte hartuko dute ikastaroko hitzaldietan eta mahai inguruan, sarrerakoan ikastaroaren bi zuzendariekin batera hitza hartuko duen Martin Aramendi UEMAko presidenteaz gain. Gonbidatu horien artean daude Osakidetzako hainbat langile edo arduradun, tartean Gontzal Lopez Euskara zerbitzuburua; eta Katalunian, Kurdistanen edo Palestinan osasungintzan hizkuntzen erabilera zertan den azalduko dutenak ere bai. 09:15etik 17:00etara, hizkuntza eskakizunen dekretu berriak osasungintzan duen eragina, Osakidetzako hizkuntza plangintza, eta osasun arreta euskaraz jasotzeari buruzko pertzepzioez EHUko Medikuntza graduan egin duten ebaluazioa izango dituzte hizpide, besteak beste, ikastaroan. Jardunaldiko mahai inguruan, berriz, Lan eskubidea vs hizkuntza eskubidea, eta kalitatezko osasun arreta? Eztabaida sindikal-instituzional-soziala gaiaren bueltan ariko dira solasean Pello Igeregi ELA sindikatuko Euskara arduraduna, eta Irati Irazabal Osakidetzako erizaina.

Gaian interesa duen orok eman dezake izena ikastaroan. Irailaren 13ko jardunaldiaren gaineko xehetasun guztiak zein matrikulatzeko eman beharreko pausoak UIKen webgunean daude zehaztuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide