Agintari politikoei harrera eta protestak, Loiolan

Intza Trula-Nerea Uranga 2024ko abu. 1a, 12:56

San Inazio bigarreneko eguerdi arteko festetako ekitaldiak Loiolan izan dira, eta bertan, elizkizunaren aurretik, Azpeitiko Udaleko hautetsiek harrera egin diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei. Bien bitartean, Sañu Bizirikekoen eta Geroa BGAEko pentsiodunen protestak izan dira basilikaren aurrean.

Tradizioa den eran, San Inazio bigarrenez ekitaldi instituzionalek eta elizkizunek bat egin dute Loiolan. Azpeitiko Udaleko hautetsi guztiek –bai EH Bildukoek eta bai EAJkoek– harrera egin diete Eusko Jaurlaritzako nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari politikoei. 10:30ean izan da ekitaldi hori Loiolako basilikaren atarian.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak aurrena ongietorria egin die lurraldeko erakundeetako kideei, hala nola Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiari eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariari. Haiekin batera hartu dituzte Gipuzkoako diputatu guztiak ere Jose Ignacio Asensio, Maite Peña, Irune Berasaluze, Ane Insausti, Azahara Dominguez, Jokin Perona, Felix Urkola, Xabier Arruti eta Goizane Alvarez. Segidan, Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak agurtu ditu Alkortak, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantzaketa sailburua, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriaren sailburua. Guzti horien ondoren iritsi da Loiolara Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria, eta hark banan-banan agurtu ditu agintari guztiak.

Agintari politikoen harrera ekitaldia egiten ari ziren bitartean bi protesta izan dira Loiolako basilikaren atarian. Alde batetik, Arrupe hotelaren aurrean elkarretaratu dira Sañu Biririk taldekoak mendietan zentral eolikoak eraikitzearen kontra; bestetik, Geroa BGAEk eragindako pentsiodunek egin dute bilkura, haiei dagokien ekarpena itzultzeko eskatuz.

Harrera ekitaldiaren ondoren, 11:00etan, meza nagusia izan da Loiolako basilikan. Fernando Prado Donostiako gotzaina buru dela, hainbat elizgizonek, apaizek eta jesulagunek parte hartu dute elizkizunean. Parrokiako koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestu dute, Itziar Urbieta organistak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide