Festaren atarian, Palestina gogoan

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 30a, 10:31

300dik gora herritar elkartu ziren azkenean atzo herriko hiru biribilgune inguratzeko, Elkar-ekinek egindako deiari erantzunez. Palestinarekin elkartasuna, Israeli boikota eta Genozidioa gelditu mezuak zituzten pankartak eta Palestinako banderak nagusi izan ziren.

240 lagun behar zituzten, eta azkenean 328 elkartu ziren. Palestinarekin elkartasunez eta Israelen oldarraldia salatzeko Azpeitian egiten ari den mobilizazioen artean orain arteko deigarriena egin nahi zuen atzo Elkar-ekinek, eta helburua lortu zuen. Hilabeteak daramatzate Palestinan bizi duten egoeraren salaketa Sanjuandegiko biribilgunera eramaten, eta atzo aldi berean hiru biribilgune inguratu zituzten aldarri berberekin: Sanjuandegikoa, Landetakoa eta Auzarazakoa.

18:30etik 19:00etara, Palestinarekin elkartasuna, Israeli boikota eta Genozidioa gelditu mezuak zituzten pankartak eta Palestinako banderak eskuetan zituztela egon ziren herritarrak hiru biribilguneetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide