Beste urte batez Santio egunez egingo dute Errekortari Txapelketa Azpeitian

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 10a, 16:28

2023ko Errekortari Txapelketa (Ziklix Photo)

Uztailaren 16tik aurrera eskuragarri egongo dira hilaren 25eko Errekortari Txapelketarako sarrerak. Ohiko tabernetan ez ezik, plazan nahiz leihatilan ere jarriko dituzte salgai sarrerak. Aurrerago emango ditu Zezen Beltzek txapelketaren inguruko xehetasunak.  

Uztailaren 25ean, Santio egunez, egingo dute 2024ko Errekortari Txapelketa nagusia, Azpeitiko zezen plazan. Urtero bezala, 18:00etan hasiko da erakustaldia, eta datozen egunetan jarriko dituzte salgai txapelketarako sarrerak. Zezen Beltz elkartekoek aurreratu dutenez, ohiko salmenta lekuetan egongo dira eskuragarri sarrerak, hilaren 16tik aurrera. Era berean, jakinarazi dute, aurrerago emango dituzte txapelketaren inguruko xehetasun guzti-guztiak.

Uztailaren 16an, tabernetan jarriko dituzte salgai Errekortari Txapelketarako sarrerak. Azpeitiko Pastorkua, Mendizabal, Berdie, Jim Clark, Eguzkitza, Etxe Zuri eta Kantoi tabernetan eskuratu ahal izango dira, eta Azkoitian, berriz, Elurre kafetegian.

Tabernetan ez ezik, plazan ere salduko dituzte sarrerak. Hain zuzen, uztailaren 19an, 24an (18:30-20:00) eta uztailaren 20an eta 25ean (12:00-14:00) jarriko dute postua plazan. 

Antolatzaileek sarrerak aurrez erostea gomendatzen duten arren, errekortarien saioaren egunean bertan ere salgai jarriko dituzte sarrerak. Hain zuzen, uztailaren 25ean 17:00etatik aurrera zezen plazako leihatilan eskuratu ahal izango dira ikuskizunerako txartelak. 

Zezen Beltz elkarteak eta Toropasion enpresak antolatzen dute Errekortarien Txapelketako Azpeitiko saioa, eta Azpeitiko Udalak laguntzen du egitasmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide