'Uharak' ikuskizuna estreinatuko du Itsasik igandean

Nerea Uranga 2024ko uzt. 15a, 09:00

Itsasi dantza taldea iazko Azpeitia Dantzanen.

Azpeitia Dantzan egitarauko azken emanaldia izango da igandekoa, uztailaren 21ekoa. 19:00etan hasiko da Itsasi Euskal Kultur Taldekoen emanaldia, Soreasu antzokian.

Aurtengo Azpeitia Dantzaneko azken emanaldia izango da igandean, uztailaren 21ean, 19:00etan, Soreasu antzokian. Itsasi Euskal Kultur Taldeko dantzariek eta musikariek Uharak ikuskizuna estreinatuko dute jendaurrean. Ainara Bidal Itsasiko kideak zuzendutako emanaldia da: "Uhara itsasontziak uretan uzten duen arrastoa da, eta arrasto horrekin zerikusi gehiago dauka emanaldiak itsasoarekin baino".

Azkenaldian bezala dantza tradizionalak egingo dituzte Itsasikoek igandean, "taldeak jasota bezalaxe egingo ditu jendaurrean dantza batzuk". Horrez gainera, koreografiak diren beste batzuk ere dantzatuko dituzte: "Hainbat dantzatako pausoak hartuta eta musikarekin uztartuta geuk sortu ditugun dantzak dira horiek". Guztira, hamasei dantza eskainiko dituzte, ordubete pasatxoko emanaldian.

Aurten dantzari "dezentek" parte hartuko dute Itsasiren Azpeitia Dantzaneko emanaldian, Bidalek azaldu duenez. "Betiko dantzariez gain, dantza eskolako dantzari helduenek parte hartuko dute emanaldian. Aurten, gainera, abenduan dantza suelto ikastaroan parte hartu zutenek dantzan jarraitu dute, eta haiek ere parte hartuko dute igandeko saioan". Sarrera doan izango da, baina honako loturan eskuratu beharko da.

Ekainaren 29an izan zen aurtengo Azpeitia Dantzaneko lehen emanaldia Soreasu antzokian, orduan Luis Beltza dantza suelto eskolak eta Juan Antxieta musika eskolak elkarrekin egin zuten saioa. Ekainaren 30ean, berriz, Sahatsa dantza taldeak Sahatsa Azpeitiko plazan kale ikuskizuna estreinatu zuen.

Uztailaren 7an, berriz, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki areto dantza eskolakoen ikuskizuna izan zen Soreasun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide