400.000 euro bideratuko ditu udalak Azpeitiko ekonomia sustatzeko laguntzetara

Nerea Uranga 2024ko eka. 17a, 11:29

Ander LarraƱaga, Nagore Alkorta eta Leire Goenaga. (Azpeitiko Udala)

Lau laguntza lerrotan banatuko ditu diru laguntzak, eta eskaera egiteko epea urriaren 15era artekoa izango da. Zenbait berrikuntza gehitu ditu udalak aurtengo deialdian, besteak beste energia berriztagarrietarako eta efizientzia energetikorako instalazioetarako eta enpresa jarduerak eskualdatzeko laguntzak ere emango ditu.

Azpeitiko Udalak herriko ekonomia sustatzeko laguntzetara 400.000 euro bideratuko ditu aurten ere, eta laguntzak eskatzeko epea ireki dute, eta urriaren 15era artekoa da horretarako aukera. Nagore Alkorta alkateak herriko ekonomia laguntzeko udalak egiten duen ahalegina azpimarratu du: “400.000 euro diru asko da udalarentzat, baina beharrezko esfortzua da. Izan ere, askotariko sektoreetako enpresen eskari asko jasotzen ditu udalak, eta agortu egiten da laguntzen programako diru guztia". Era berean, gogorarazi du "herritarren babes soziala bermatzearekin batera, herriko ekonomia sustatzea" dela udalaren lan lerro nagusia.

Sustapenen ekonomikorako laguntzekin udalak bete nahi dituen helburuak honakoak dira, alkatearen arabera: “Ekonomiaren sozializazioa eta ekonomiak herritarren beharrizanak betetzeko funtzioa izatea, azpeitiarrei herrian bertan lan egiteko aukera emanez; ehun ekonomikoaren profesionalizazio eta lehiakortasun maila hobetzea; industria eta lurzoruen transformazioa eta jarduera biziberritzea; eta herriko merkataritza babestea”.

Unean uneko egora aztertuta erabakitzen du udalak sustapen ekonomikorako laguntzak nola egituratu. Ondorioz, iazko diru laguntzen deialdiarekin alderatuta, zenbait berrikuntza ditu aurtengo deialdiak, hala nola energia berriztagarrien eta efizientzia energetikorako instalazioak egiteko inbertsioak eta enpresa jarduera eskualdaketak ere lagunduko ditu udalak.

Laguntza lerroak

Herriko ekonomiaren sustapenerako diru laguntzak lau lerrotan banatuta emango ditu udalak. Honakoak dira lerroak:

  • Zerbitzu sektorean edota lehen sektorean jarduerak indartzera bideratutako diru laguntzak. Guztira, 100.000 euro.
  •  Industria proiektu estrategikoak edo berritzaileak eta inbertsioak industria sektorean zein eraikuntzan: 160.000 euro.
  • Ekintzailetza sustatuz, bereziki gizarte ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enpleguaren sorrera bultzatzeko diru laguntzak: 65.000 euro.
  • Lehen sektorean, zerbitzuen sektorean, ostalaritzan nahiz industrian enplegua sustatzeko diru laguntzak: 75.000 euro.

Diru laguntzen deialdia eta oinarriak Azpeitiko Udalaren webguneko diru laguntzen atalean daude eskuragai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide