Madril CFF taldeak irabazi du kimu nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup

Intza Trula 2024ko eka. 16a, 16:30

Athletic izan du aurrez aurre Madril CFF taldeak final nagusian, eta penaltietan erabaki da txapelketako irabazlea. Horrez gainera, Kopako finalean Eibarrek 3 eta 1 hartu du mendean A Coruñako Deportivo.

Herenegun, ostirala, hasi zuten azkenengo kimu nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa Garmendipen, eta hiru egunez jarraian futbol festa izan da nagusi han. Gaur goizean jokatu dituzte txapelketa agurtzeko azken partidak; Ligako zein Kopako faseko partidak eta finalak, hain justu.

Kopako finala izan da jokatu duten lehenengoa, 12:45ean. Eibarren eta A Coruñako Deportivoren arteko norgehiagoka izan da zelaian, eta bi taldeek onena eman badute ere, 3 eta 1 nagusitu da Eibar azkenean. 

Jarraian, 13:30 aldera, Madril CFF taldeak eta Athleticek final nagusia jokatu dute, futbol zelaira gerturatu diren guztien begiradapean. Gainera, asko izan dira Madrildik eta Bilbotik Garmendipera joan direnak, eta haien animo oihuak protagonista izan dira partida osoan zehar. Lehia estua izan da bi finalistek jokatu dutena, eta, azkenean, penaltietan ebatzi behar izan dute irabazlea. Hirugarren penaltian egin du huts Athleticek, eta, horrenbestez, Madril CFF taldearentzat izan da garaipena.

Bestelako sariak ere banatu dituzte: atezain onenaren saria Angela Martinezi (Madril CFF) eman diote; jokalari onenarena, berriz, Valeria Tejadurarentzat (Osasuna) izan da. Horrez gainera, Valladolid taldearen zaleek zale onenaren saria jaso dute.

Datorren asteburuan, azkena

Joan den astean jokatu zuten Garmendipen kimu mutilen Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa, eta Bartzelonak irabazi zuen. Futbol festari datorren asteburuan, ekainaren 21etik 23ra, emango diote amaiera, infantil nesken txapelketarekin.

Hemezortzi taldek parte hartuko dute bertan, hiru multzotan banatuta. Talde horien artean izango dira, besteak beste, Madril CFF, Sanse, A Coruñako Deportivo eta Eibar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide