Eskualdeko egoera sozioekonomikoaz ateratako ondorioak elkarbanatu dituzte ikasleek

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 13a, 16:07

Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren amaiera ekitaldia egin dute gaur Azkoitian. Ikasturtean zehar egindako azterketaren ondorioak elkarbanatu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleek eskualdeko enpresetako eta udaletako ordezkariekin. Iraurgi Berritzenek sustatutako proiektua da Elkarrekin Eraikitzen. 

Azkoiti-Azpeitiko bost ikastetxeetako 300dik gora ikaslek Urola Erdiko errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko aukera izan dute ikasturtean zehar, Iraurgi Berritzenek sustatuta. Izan ere, hilabeteetan zehar  XI. Elkarrekin Eraikitzen proiektua garatu dute. Gaur Azkoitian elkartu dira egitasmoan parte hartu duten ikasleak eta erakundeetako ordezkariak, ateratako ondorioak elkarbanatzeko. 

Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren barruan, ikasleek eragile soziekonomiengana jotzen dute hainbat elkarrizketa egin eta askotariko lan arloen egoera ezagutzeko. Aurten, 40 eragilek parte hartu dute egitasmoan, besteak beste, enpresek, erakundeek edota entitateek. Prozesua amaituta, ikasle-ordezkariek landutako proiektuak partekatu dituzte gainerako eskoletako eta erakundeetako kideekin gaur egindako mahai inguruan. Azkoitiko Elkargunean egin dute programaren itxiera ekitaldia, 11:30etik 13:00etara. 

Floreaga Ikastetxeko kideek prozesuaren nondik norakoak azaldu dituzte, Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek Ekintzailetza izan dute hizpide,  Urola Ikastola BHI-ko ikasleak Gizarte Zerbitzuez aritu dira, Azkoitia BHI-koak  merkataritzaz eta  Iraurgi Ikastetxekoak lehen Sektoreaz. 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide