Aitaren bahiketaren bueltan idatzi duen liburua aurkeztu du Jose Maria Guibertek

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 5a, 09:01

Jose Maria Guibert Cristina Aragon Deustuko Unibertsitateko irakaslearekin, Donostiako aurkezpenean. (Deustuko Unibertsitatea)

1983an bahitu zuten Jesus Guibert Komando Autonomo Antikapitalistek, eta La Caverna: Diario del secuestro de un empresario vasco liburuan jaso ditu Deustuko errektore ohiak bere eta bere aitaren ingurukoen testigantzak.

Herenegun Donostiako campusean eta atzo Bilbokoan, hamar urtez gidatu duen Deustuko Unibertsitatean aurkeztu du Jose Maria Guibert azpeitiarrak La Caverna: Diario del secuestro de un empresario vasco, Jesus Guibert bere aita zenak 1983an pairatu zuen bahiketaren gainean idatzi duen liburua.

1983ko martxoaren 21ean Azpeitian bahitu eta hamazazpi egunez gatibu eduki zuten Komando Autonomo Antikapitalistek Jesus Guibert, Marcial Ucin enpresako kudeatzailea, Errezilgo kobazulo batean. Aita hil eta hamar urtera, bahiketa gertatu zenetik 41 urte joan direnean, argitaratu du Jose Maria Guibert Deustuko errektore ohiak Jesus Guiberten senideen eta lagunen kontakizuna eta bizipenak jasotzen dituen liburua, aitari gertatutakoa "ez ahazteko" eta, era berean, "adiskidetzea bultzatzeko". Bere aitak jasandakoaren kontakizunaren bidez, haren zein beste hainbat euskal enpresabururen historia berreskuratu nahi izan duela adierazi du Guibertek aurkezpen ekitaldietan, guztiei aitortza eginez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide