Bihartik aurrera eskatu ahal izango dituzte gizarte, kirol eta kultur arloko elkarteek diru laguntzak

Intza Trula 2024ko mai. 23a, 15:30

2022ko Sanjuandegi Umeen Eguneko irudia. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko Udalak herriko gizarte, kultur eta kirol elkarteen lana "sustatzeko" eta "laguntzeko" helburuarekin hainbat diru laguntza lerro jarri ditu martxan. Guztira 320.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza horietara.

Azpeitiko Udalak hainbat diru laguntza lerro jarri ditu martxan aurten ere, herriko gizarte, kultur eta kirol elkarteen lana "sustatzeko" eta "laguntzeko" asmoz, eta eskaria egiteko aukera bihar zabalduko dute. Guztira 320.500 euro bideratuko ditu udalak diru laguntza horietara: 122.000 gizarte zerbitzuen arlorako, 95.000 kirol arlorako eta 103.500 kultura arlorako. Diru laguntza bakoitzaren inguruko informazio gehiago behar duenak honako lotura honetan aurki dezake. 

Gizarte arloko diru laguntzak honela banatuko dituzte:

  • Elkarteentzako diru laguntzak gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloan jarduerak egiteko: 31.000 euro. Eskaera egiteko epea: ekainak 7.
  • Gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloko elkarteak mantentzeko diru laguntzak, 11.000 euro. Eskaera egiteko epea: ekainak 7.
  • Elkarteentzako diru laguntzak herrialde pobretuetan garapenerako lankidetza proiektuak egiteko, 68.000 euro. Eskaera egiteko epea: ekainak 7.
  • Nazioarteko lankidetzan borondatez parte hartzen duten pertsonentzako diru laguntzak, 2.000 euro. Eskaera egiteko epea: ekainak 7.
  • Larrialdi egoeretan ekintza humanitarioak eta puntualak egiteko proiektuak gauzatzeko diru laguntzak. 10.000 euro. Eskaera egiteko epea: abenduak 1.

Kirol arloko diru laguntzak hauek izango dira:

  • Azpeitiko kirol klubei zuzendutako kirol arloko diru laguntzak.
    • Kirol kluben jarduera arrunta eta egitura garatzeko diru laguntzak, 43.000 euro. Eskaera egiteko epea: urriak 25.
    • Kirol klubek osasun azterketak egiteko diru laguntza, 6.000 euro. Eskaera egiteko epea: urriak 25.
    • Kirol kluben kualifikazio teknikoa garatzeko diru laguntza, 6.000 euro. Eskaera egiteko epea: urriak 25.
  • Eskola kirola: eskola kiroleko tokiko programak finantzatzeko diru lagutzak, 40.000 euro. Eskaera egiteko epea: ekainak 3.

Kultur arlorako diru laguntzak ondorengo moduan banatuko dituzte:

  • Azpeitiko kultur elkarteei zuzendutako urteko programak edo kultur jarduerak finantzatzeko diru laguntzak, 47.500 euro. Eskaera egiteko epea: ekainak 24.
  • Azpeitiko herrian egingo diren herri festetako programen garapena finantzatzera zuzendutako diru laguntzak. 56.000 euro. Eskaera egiteko epea: festa eguna hasi baino hilabete lehenago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide