Luzatu egingo dute Azpeitiko kanpoko igerilekuaren udako denboraldia

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 14a, 10:00

Kanpoko igerilekuaren artxiboko irudia. (Maialen Etxaniz)

Ekainaren 3an irekiko dute igerilekua, eta irailaren 29an itxiko dute. Igeriketa ikastaroen eta entrenamenduen eraginez, kanpoko igerilekuarekin lotzen den estalitako zatiak "erabilera mugatua" izango du aurreneko eta azkeneko asteetan. 

Kanpoko igerilekuaren denboraldia luzatzea erabaki du Azpeitiko Udalak, eta aurreko urteetan baino egun gehiago egongo da zabalik: ekainaren 3an irekiko dute, eta irailaren 29an itxi. Dena den, erakundeak jakinarazi du igeriketa ikastaroen eta entrenamenduen eraginez, kanpoko igerilekuarekin lotzen den estalitako zatiak "erabilera mugatua" izango duela ekaineko lehen asteetan eta iraileko azken asteetan.

Hain zuzen, ekainaren 3tik ekainaren 22ra eta irailaren 9tik irailaren 29ra, astelehenetik ostiralera, honakoa erabilera hau izango du estalitako zatiak:

  • 11:00etatik 13:00etara, erabilera partekatua izango da. Ikastaro eta entrenamenduen arabera, kale batzuk bakarrik egongo dira erabilgarri kanpoko erabiltzaileentzat. Erabiltzaileek bertako soroslearen erabakiak errespetatu beharko dituzte.
  • 13:00etatik 14:00etara, itxita egongo da. 
  • 14:00etatik 17:15era: erabilera partekatua izango da. 
  • 17:15tatik aurrera, itxita egongo da. 

Larunbat eta igandeetan, berriz, kanpoko erabiltzaileentzat irekita egongo da irekiera ordutegi osoan zehar.

Ordutegiari dagokionez, kanpoko igerilekuak ohiko ordutegia izango du. Hau da, 11:00etan irekiko dute eta 20:00etan itxiko dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide