Inauteriak 2024

Jendetza eta giro polita, euskal inauterien jaialdian

Ihintza Elustondo 2024ko ots. 10a, 12:42

Eguraldi iragarpen txarra tarteko, Izarraitz pilotalekuan egin dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek aurtengo euskal inauterien jaialdia. Euskal Herriko hainbat txokotako mozorroak jantzi dituzte ikasleek, eta jendetza bertaratu da jaialdia ikustera. 

Azpeitiko Ikastola Ikasberriren euskal inauterien jaialdia izan zen atzo arratsaldean. Kalez kale ibili ohi dira Ikasberrikoak urtero, 18:00etan San Martin egoitza aurretik irten eta 20:00 aldera plazan bukatzeko, baina atzo aterpean egin behar izan zuten festa, desfilearen ordurako euria iragarrita zegoelako. Horrela, lehen ere inoiz egin izan duten bezala, aurtengo euskal inauterien jaialdia Izarraitz pilotalekuan egin zuten Ikasberrikoek, 18:30ean hasita. Dena den, inauteri giroa kalera ere eramateko, kalejira txiki bat egin zuten Alde Zaharrean barrena jaialdiari ekin aurretik.

Ohi bezala, Euskal Herriko hainbat txokotako mozorroak jantzi zituzten Ikasberriko ikasleek soinean: txatxoak, ttuntturroak, Mielotxin eta Ziripot... bertaratu ziren atzokoan Izarraitz pilotalekura, eta jendetza bertaratu zen jaialdia ikustera.

Aurten gainera, Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia ospatuko du Azpeitiko ikastolak, eta horren aldeko aldarriak ere ikusi ahal izan ziren atzoko inauteri festan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide